Erabakitzeko eskubidea josten hasiko dira asteburuan Goierrin
Gure Esku Dagok ekintza ugari deitu ditu astebururako. Goierriko herri askotan oihalak jaso, margotu eta elkar josten hasiko dira. Ekainaren 21ean batuko dituzte oihal guztiakOihalak margotzeko eta elkar josteko garaia da. Joste Egunak apirilaren 25a i...
Gure Esku Dagok ekintza ugari deitu ditu astebururako. Goierriko herri askotan oihalak jaso, margotu eta elkar josten hasiko dira. Ekainaren 21ean batuko dituzte oihal guztiak
Oihalak margotzeko eta elkar josteko garaia da. Joste Egunak apirilaren 25a inguruan egingo zituztela jakinarazi zuten, eta, herri bakoitzak bere martxa daraman arren, Goierriko herri askotan etzi eta larunbatean hasiko dira erabakitzeko eskubidea josten. Beasainen, Seguran, Ordizian, Zegaman, Idiazabalen eta Zaldibian hitzorduak egin dituzte jada. Herrietako plazak beteko dituzte jostunek; oihalak jaso, margotu edo bestelako adirazpideak erabili eta oihalak ehuntzen hasi.Aurten Gure Esku Dagok antolatutako ekintzaren helburua saretzea da, erabakitzeko eskubidearen aldarriaren oihartzuna sentitzen dutenak elkartu eta oihartzun hori, ahal dela, barreiatzen lagundu.
Iaz Iruñea (Nafarroa) eta Durango (Bizkaia) lotu zituzten eskuak saretu nahi dituzte, eta saretzeko elkarrekin jostea da aurtengo Joste zein Ehuntze Egunen helburua. Oihalak herriz herri josi, eta ekainaren 21ean Euskal Herriko hiriburuetako ekitaldi nazionaletan aldez aurretik jositakoa ehunduko dute.
Hautetsontzi bat irudikatu nahi dute, oihal guztiak jaso eta oihal horiekin guztiekin boto kutxa josiko dute. Bost hiriburu nagusietako toki esanguratsuenetan ekitaldi bana egingo dute: Donostian Anoetan (Gipuzkoa), Bilbon San Mamesen (Bizkaia), Gasteizen (Araba) zehazteko dago, Iruñeako zezen plazan (Nafarroa) eta Baionan (Lapurdi) zehaztu gabe dago hango topagunea zein izango den.
Ekintza nazional horiek guztiak ekainaren 21ean, 17:30ean, egingo dituzte eta, aurretik, bakoitzak jositako oihalak eskuetan, giza kateak egingo dituzte hiriburuz hiriburu.
Iazko ekintza, giza katearena, oso grafikoa izan bazen ere, aurtengoak kutsu sinbolikoagoa du. Euskal herritarren borondateak joste aldera, oihalak elkar ehundu eta hautetsontzia irudikatzea ekintza poetikoa da.
Lehenengo erabakiz beteko den kutxa irudikatu eta, ondoren, ontzi hori bete, erabakiz bete, alegia. Hori da, hain zuzen, Gure Esku Dagokoen zeruertza, euskaldunon erabakitzeko eskubidea berandu baino lehen egikaritzea.
Gure Esku Dagoko lantaldeek segida eman diote orain bi urte hasitako bideari. Joste Egunen egitasmoa aurkezteko Jostunak dokumentala erakusten ari dira; bihar, Beasainen egingo dute. Gure Esku Dago mugimenduaren historia kontatzen du.
Eskualdean lantalde bakarra dago, Goierri garaiko eta beheko 22 herrietako ordezkariak biltzen dituena. Elkarlanean ari dira, Gure Esku Dagoko kideek Goierri bakar bat ikusten dutelako, goiko eta beheko mugarik gabe.
Etzitik eta igandera arteko hitzorduak jarrita daude Goierriko hainbat herritan. Urretxun eta Zumarragan aurreko asteburuan abiatu zuten oihalgintza eta Legazpin maiatzeko Santikutzetan tokia egingo diote erabakitzeko eskubidearen aldarriari.
Nork bere erara antolatu ditu Joste Egunak, baina helburua bakarra da. Lehenengo eskutik heldu, orain elkarrekin josi nahiz saretu eta etorkizunean hautetsontzia erabakiz bete .












