'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa abiatu dute Goierrin
Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan truke azokak nahiz hitzaldiak antolatu dituzte. Bailarako bederatzi herritan irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoari hasiera eman diote.Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, atzo abiatu zen aurtengo Irakurri, gozatu...
Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan truke azokak nahiz hitzaldiak antolatu dituzte. Bailarako bederatzi herritan irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoari hasiera eman diote.
Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, atzo abiatu zen aurtengo Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa. Irakurzaletasuna sustatzeaz batera, euskarazko literatura eta herrietako liburutegiak ezagutaraztea dira egitasmoaren helburuak. Esperientziaren «bidaiaz gozatzeko» gonbidapena egin dute antolatzaileek aurten. Euskal Herri osoko 42 herritan egongo da martxan ekainaren 30era arte. Goierrin Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Mutriku, Segura, Olaberria, Ordizia eta Zaldibian garatuko dute egitasmoa. Irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria zabalduz hain justu ere, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan ekintzak antolatu dituzte Goierriko zenbait herritan.Ormaiztegin Liburu Truke Azoka egin zuten atzo. Apaletan pilatzen den hautsari putz egin, eta azoka osatzeko liburuak Zumalakarregi Museora nahiz liburutegira eraman dituzte astean zehar. Atzoko azokara joateko parada izan ez dutenek liburuak trukatzeko astia dute apirilaren 30era bitartean liburutegian.
Beasaingo Ikastolan Liburu Astea ospatzen ari dira. Helburuak haurrengan irakurzaletasuna bultzatzea eta idazteko zein sortzeko gogoa hauspotzea dira. Animaliak liburuen orrialdeetan bizi direla erakutsi nahi diete ikasleei. Hain zuzen, Txiliku idazlearen Piztiarioak liburua erabili dute: idazlea eskolan bertan izan da egunotan. Pako Aristi idazlea ere Beasaingo Ikastolara joango da datorren astelehenean. Aristik Nemesioren trikitixa (LH3 eta 4) eta Miren, Garbiñe ta sorgin baten komeriak (LH 1 eta 2) liburuak izango ditu hizpide. Bide batez, Euskararen isobarak liburua aurkeztuko du.
Idiazabalen mailegu digitalen zein E-liburutegiaren inguruko informazioa zabalduko dute eta irakurgailuen mailegua egingo dute; hori guztia liburutegian.
Azoka berezia
Urretxuko eta Zumarragako erdibidean dagoen Areizaga-Kalebarren plazan liburu azoka egingo dute bihar. Irakurle taldeko kideek parte hartuko dute azokan. Zumarragako Legazpi liburu dendaren eskutik irakurle taldeetan landu dituzten liburuak jarriko dituzte herritarren eskura.Beste postu batean Goierriko idazleen lanak erakusteaz gain, idazle nahiz ilustratzaileek topaketa bat egiteko asmoa dute. Irakurleek nahiz sortzaileek ahots goran irakurriko dute eta liburuek beren ahotik hitz egingo dute.












