Hipoteka zoruak kaltetutako 40 bat lagunek elkartea sortu dute Goierrin
Rural Kutxaren kontrako auzi eskea aurkeztuko dute epaitegietan. Kaltetuek 100 euro inguru gehiago ordaintzen dituzte batez beste. Ez zieten zoruaren klausula azalduRural Kutxaren kontrako auzi eskea maiatzaren erdian bideratuko dute hipoteka zoruaren ...
Rural Kutxaren kontrako auzi eskea aurkeztuko dute epaitegietan. Kaltetuek 100 euro inguru gehiago ordaintzen dituzte batez beste. Ez zieten zoruaren klausula azaldu
Rural Kutxaren kontrako auzi eskea maiatzaren erdian bideratuko dute hipoteka zoruaren klausulak kaltetutako 40 bat goierritarrek; gehienak Urretxukoak eta Zumarragakoak dira, ordiziarren bat ere badago eta, tarten, nafarren bat ere bai. Elkartea sortu berri dute indarrak batu, eta, epaitegien bitartez, kutxari klausula hori kendu zein eragindako gain kostua itzultzeko eskatzeko.Hipoteka zoruaren klausula 45 orrialde inguru zituen dokumentuaren baitan zegoen. Rural Kutxarekin sinatutako hipotekan zehaztapen hori egiten zen arren, kaltetuek haren berri ez zietela eman salatu dute. Ignacio Ferrer-Bonsons abokatuak bideratuko du elkarteko kideen demanda. Ferrer-Bonsonsek euriborrari estu lotuta dagoen klausularen muina azaldu du: «Euriborrak gora eginez gero interes gehiago ordainduko lituzkete, behera badator gutxiago. Klausulak baina, beherako zein gorako joera horietan muga bat ezartzen du, zoru bat, alegia. Kaltetuei beheko zoruak eragin die, izan ere, euriborrak behera egin duenean, euribor +%2,75 edo +%2,25 zorutik ez dira jaitsi».
Kaltetuei, batez beste, hilean 100 euroan garestitu zaie hipoteka. «Espainiako Epaitegi Gorenak jada esan du klausula baliogabekoa dela. Kaltetuek sinatu zuten hipotekan agertzen da, jakina, baina epaileek onartu dute klausula azaltzeko testua ulertzerik ez dagoela».
Kaltetuen ahotsak
Epaileek 2013ko maiatzean klausula honek kaltetutako bezeroei dirua itzuli behar zaiela jasotzen duen legea aplikatu zuten. Orduz geroztik, hainbat bankuk kendu dute klausula; Rural Kutxak ez. «Nik uste ez diotela diru hori irabazteari utzi nahi». Abokatuak Gipuzkoan Rural Kutxak modu berean kaltetutako 1.000 bat lagun daudela dio.
Urretxuko eta Zumarragako bi kaltetuk beren testigantza eman dute. Elkartea sortu, eta bere egoeran daudenei haren berri eman nahi diete, baita oraindik elkartera atxiki daitezkeela jakin arazi ere (948 21 24 14 telefonora deituta). Lekukotza anonimoa izatea eskatu dute.
«Edonork bezala etxea erosi eta hipoteka eskatu genuen. Garai hartan euriborrak gorako joera zuen, baina gero jaisten hasi zen eta guk hilero ordaintzen genuen hipotekaren kuotan ez genuen jaitsiera hori sumatu. Orduan, klausula horri lotuta geundela jakin nuen». Kaltetu guztiek kreditu aldagarria eskatu zuten.
Ez dute tranpa bat denik esaten, diotena da goiko eta beheko zoruen arteko aldea «gehiegizkoa» dela: «Ez dago orekatua. Behekoa euribor +%2,5 ingurukoa da eta goikoa euribor +%18koa, sekula ez da iritsiko goiko markara».
Bi kaltetuek kutxarekin fidatu zirela diote. Batak etxea erosterakoan buruan hamaika kontu nahasten direla dio, besteak hipotekak jasotzen duen informazio guztia ulertzea ez dela batere erraza gehitu du.
Edonola ere, argi utzi nahi dute beren borroka ez dela Zumarragako Rural Kutxaren kontra, are gutxiago, han lanean aritu direnen kontrakoa. Kutxarekin negoziatzeko saiakera bat baino gehiago egin dutela diote, halere, ez dute erantzun zehatzik jaso. «Hasiera batean klausula kenduta konforme geunden, dirua itzultzea ere ez genien eskatu. Aitzitik, negoziatzeko jarrerarik ez zutela ikusita epaitegien bidea hartu genuen».
Dagoeneko beste kaltetu batzuek jo dute epaitegietara eta irabazten ari dira. «Bizpahiru urtean banku zein kutxa guztiek klausula hori kenduko dutela diote adituek. Guk, gaur-gaurkoz, hipoteka zoruaren eraginez ordaindu duguna itzultzea nahi dugu; gutxienez, orain bi urte legea atera zenetik orain artekoa».
Konfiantza falta
Biei kutxekiko nahiz bankuekiko konfiantza falta iltzatu zaie. «Orain urte batzuk etxea erosteko hipoteka eskatzera joan, eta behar baino gehiago eskaintzen zizuten. Jende asko tentazio horretan erori, eta gaizki daude orain. Badakit bankuek eta kutxek dirua irabazi behar dutela, baina azken urteotan urrunegi joan dira».
Ferrer-Bonsons abokatuak 2007. urtean jarri du mugarria: «Aurretik ez zieten bezeroei iruzur egiten. 2007an hondamendia hasi, eta gisa guztietako produktu ustelak saldu dituzte. Orain, epaileen artean kasu hauekiko bestelako sentsibilitatea zabaltzen ari da».












