Eskualdeko ekitaldia egin dute goizean Beasainen, eta "erabaki eskubidea gauzatzeko berme bakarra" direla adierazi dute. Goierriko alkategaiez gain, Asier Arraiz eta Lohitzune Txarola alderdikideak izan dira ekitaldian.
EH Bilduren eskualdeko ekitaldia, Beasainen. / Maialen Igartua
Kanpaina hasita, eskualdeko ekitaldia egin du gaur EH Bilduk Beasainen. Bertan izan dira Goierri beheko udaletarako hautagaiak, baita Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako lehendakaria eta Hasier Arraiz alderdikidea ere. EH Bilduk orain dela lau urte hasitako aldaketei jarraipena emango dietela adierazi dute, politika “herritarrekin eta herriarentzat” eginez.
Koldo Agirre beasaingo alkatearen hitzetan, lau urte hauetan EH Bilduk erakutsi du badela espazio publikoa kudeatzeko beste modu bat, “gardentasunez eta herriaren parte hartzearekin”. Bestalde, EH Bilduren “politika modernoa” eta EAJren “politika atzerakoia” alderatu ditu Agirrek. “EAJren ereduak 30 urte atzera eramango gaitu”, adierazi du.
Lohitzu Txarolak ere azken lau urteen balorazio positiboa egin du, eta barnealdeko turismoaren sustapena eta martxan jarritako politika sozioekonomikoak nabarmendu ditu. “Orain dela lau urte ilusioa piztu genuen, eta herria egiten jarraitu nahi dugu, estatugintza herrigintzatik hasten delako”.
Berme bakarra.
Hasier Arraiz Sortuko lehendakariak ere hartu du hitza gaurko ekitaldian, eta EH Bildu erabaki eskubidea gauzatzeko “berme bakarra” dela adierazi du. “Erabakitzeko eskubidea da gure hurrengo geltokia, eta Euskal Herriaren burujabetza helmuga, horretan datza euskal bideak”, adierazi du Arraizek, bertaratutakoen txalo hotsen artean.
Datorren maiatzaren 17an Donostian egingo du EH Bilduk Gipuzkoako ekitaldi nagusia, Zuloaga plazan, 12:30ean.