Gizarte jasangarriaren eredua zabalduko dute museoetan
Bihar Museoen Nazioarteko Gaua da, eta datorren astelehenean Museoan Nazioarteko Eguna. Aurten Europar Batasunak sustatuta Gizarte jasangarri baterako museoak leloari helduko diote Zumalakarregi museoak (Ormaiztegi) eta Igartubeiti museoak (Ezkio-Itsas...
Zumalakarregi museoan gaur, 16:30 eta 18:30 bitartean, XIX. mendeko gaiak eta jasangarritasuna uztartuko dituzte 6 eta 12 urteko haurrekin egingo duten ginkanan. Bihar Birziklaview paisaiaren birziklatze tailerra izango da 16:00etatik 18:00etara; tailerra 5 urtetik gorako haurrei zein beren gurasoei zuzenduta dago. Industri paisaien bilakaeraren inguruko hausnarketa egiteko asmoa daukate. Bihar eta etzi ate irekien jardunaldiak ere egingo dituzte Zumalakarregin.
Igartubeiti baserrian Birziklaview tailerrei helduko diete. Hain zuzen, jasangarritasunaren gaia baserriaren nahiz naturaren ikuspuntuetatik landuko dira. Ate irekien jardunaldiak bihar eta etzi egingo dituzte. Sarrera eta bisita gidatuak dohainik izango dira. Bisita gidatuak 11:00etan, 12:30ean eta 17:00etan izango dira.
D’ elikatuz gauez
Ordiziako elikagaien museoak gauez irekiko ditu ateak gaur. D’ Elikatuzen hamargarren urteurrenaren baitan, museoari bisita egiteko modu berezia asmatu dute. Musika, gastronomia eta museoko bisita uztartuko dituzte 21:00etatik aurrera Maddi Nogueras eta Pello Ramirezen parte hartzearekin. Bisita doanekoa da.
Urretxuko Urrelur eta Aikur museoek antolatuta bi tailer egingo dituzte gaur arratsaldean. Eureka tailerra, Izan zaitez zientifikoa lelopean egingo dute lehena 17:00etatik aurrera. Tailerra zientifiko profesionalek emango dute eta 3 urtetik hasita 15 urte arteko gaztetxoak hartuko dituzte hiru taldetan banatuta. Argia, koloreak, sumendiak, ozeanoa eta energia izango dituzte hizpide. Ordutegi berean kandelak egiteko aukera ere izango dute haurrek Aikur museoko begiraleen eskutik. Jarraian, Ez dut zientzilaria izan nahi ikuskizuna izango da Iparragirre plazan, 18:00etan.
Urrelur museoan gaur amaituko dira aste osoan zehar egin dituzten doako bisitaldi gidatuak.













