EAJk dio Bilduk Gipuzkoako zabortegi bihurtu nahi duela Sasieta
Jeltzaleek Bilduren jarrera salatu dute, Sasieta iragazgaizteko plana onartzeko «gehiengo osoaz baliatu» direlakoan«Bilduk entzungor egiten dio Jaurlaritzari eta gehiengo osoaz baliatzen da Sasieta Gipuzkoa osoko zabortegi bihurtzeko». Hala salatu ...
Jeltzaleek Bilduren jarrera salatu dute, Sasieta iragazgaizteko plana onartzeko «gehiengo osoaz baliatu» direlakoan
«Bilduk entzungor egiten dio Jaurlaritzari eta gehiengo osoaz baliatzen da Sasieta Gipuzkoa osoko zabortegi bihurtzeko». Hala salatu dute EAJko Goierriko ordezkariek prentsaren aurrean. Sasietan Beasaingo eta Urretxuko ordezkari diren Aitor Aldaroso eta Itziar Agirre, Bilduk Sasietarako dituen asmoen kontra agertu dira. Haien ustez, koalizioa «zabortegia iragazgaitzeko proiektua prestatzen ari da, Sasieta berriro ireki» nahian.Zentzu horretan, Sasieta Mankomunitatean duen «gehiengo osoaz baliatzen» ari dela uste dute. Hala, Eusko Jaurlaritzak eta oposizioak esandakoari entzungor egin eta plan horrekin aurrera jarraitzen badute, «Bilduk prebarikatu» egingo duela azaldu dute; izan ere, «zabortegia ixteko gordeta zegoen dirua» denera 3 milioi euro erabiliko lukete gunea iragazgaizteko.
Gaur egun, Sasieta itxita badago «ingurumeneko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelako» dela gogorarazi dute. Hala ere, «zabortegia behin betiko itxi beharrean, Bilduk berriro zabaldu nahi du, etsi-etsian, Gipuzkoako hondakinei irtenbidea bilatzeko». Izan ere, Gipuzkoako gainontzeko zabortegiak itxita daude, eta «ez da nahikoa hondakinak Funesera (Nafarroa) eta lohiak Burgosera (Espainia) eramateko soluzioa».
Jaurlaritzaren erantzuna
Iragazgaizteko proposamenari Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna ere ezagutarazi dute jeltzaleek. Agiri horrek dioenaren arabera, «iragazgaizteko lanen helburua bada hondakinen sarrera ahalbidetzea, Eusko Jaurlaritzak ez du baimenduko ez badira gutxieneko baldintzak ematen». Hala, hondakinak jasotzeko gunea handitu nahi bada, «beharrezkoa da ingurumen-inpaktua aztertzea. eta oraidnik ez da iragazgaizteko lanen inguruko proiekturik aurkeztu ingurumen erakundean», beti ere Jaurlaritzaren agiriak dionaren arabera.
Erantzun hori ikusita, Bilduk «ingurumen baimena eskatu behar zuen, baina ez du hala egin» jeltzaleek azaldu dutenez. Hala, Aldasorok eta Agirrek, Bilduren jarrera salatu dute, zabortegia iragazgaizteko erabili nahi dituzten hiru milioi euroak zabortegia ixtera bideratuta zeudelako, eta kopuru hori beste zeregin baterako erabiliz gero «prebarikatu» egingo luketela gogorarazi dute.
Horrez gain, beste erabaki bat ere hartu zuten Sasietaren azken batzarrean; jeltzaleek jakinarazi dutenez, «Sasietak jasotzen duen hondakin tonengatik diru kopuru bera kobratzea». Hala, goierritarrei zaborrez zegra %53 garestituko zaiela ohartarazi dute EAJko ordezkariek.













