Ipuinak, txangoa, mendia eta antzerkia mintzalagun ikasturtea agurtzeko
Ikasturtea borobilduko dute Legazpiko eta Ordiziako mintzalagun taldeek. Legazpin Mikel Martinezek ipuinak kontatuko ditu gaur. Ordizian mendi irteera egingo dute biharIkasturte amaiera ate-joka dago eta mintzalagun taldeetan ere azken ekintzak egiten ...
Ikasturtea borobilduko dute Legazpiko eta Ordiziako mintzalagun taldeek. Legazpin Mikel Martinezek ipuinak kontatuko ditu gaur. Ordizian mendi irteera egingo dute bihar
Ikasturte amaiera ate-joka dago eta mintzalagun taldeetan ere azken ekintzak egiten ari dira. Legazpin Mikel Martinez aktoreak Denboraren korapiloak helduei zuzendutako ipuin kontaketan arituko da gaur, erabat irekia den ekitaldian, 18:00etan, kultur etxean. Ordizian mendi irteera egingo dute lehenengoz bihar; Xabier Mujikak gidatuko ditu mintzalagunak Ordiziako mugarrietatik.Bi taldeek egingo dituzten azken ekintzen atarikoak dira. Izan ere, Legazpiko mintzalagunak Mintzaturismoa egingo dute etzi. Hamaika urtez egin dute jada txangoa mintzalagunek; aurretik ere euskaltegian egiten zen. Sarara (Lapurdi) doaz etzi, handik oinez joango dira Zugarramurdira (Nafarroa) eta irteera Beran (Nafarroa) amaituko dute hango Mintza Egunaren ospakizunetara batuta.
Ordiziako mintzalagunek bihar egingo duten mendi irteeran Malkaskotik irtenda, Lazkaomendira igoko dira Oiangurenetik, Zaldibiara jaitsi eta Ordiziara San Joan ermitatik sartuko dira. Ibilbideak bi ordu eta erdiko iraupena izango du.
Mugarriak
Lehenengo aldia da Hitzarokoek mendi irteera antolatzen dutela mintzalagunekin. Aintzine Anduagaren hitzetan, «zerbait berria eskaini nahi genien eta mugarrien aukera atera zen. Mugarri guztiak ikusiko dituzte Murumendikoa salbu, hura argazki bidez erakutsiko diegu». Xabier Mujika gidaria ez da mintzalaguna baina mendizalea den aldetik gustura hartu du ibilaldia gidatzeko gonbitea.
Ordiziako mintzalagunek ikasturteari ekainaren 18an emango diote amaiera Barrena jauregian. Koka Kola eta Barea antzezlanarekin eta ondorengo mokaduarekin agurtuko dira datorren ikasturtera arte.













