Beitia martxarekin gozatuz
Eguraldia lagun, 1.080 mendizale elkartu ziren igandean giro onean Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxan. Argazki rallyan parte hartzeko epea irekita dago ekainaren 9ra arte.Aurreikuspen guztiak beteta, antolatzaileak pozik dira aurtengo Beitia mendi...
Eguraldia lagun, 1.080 mendizale elkartu ziren igandean giro onean Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxan. Argazki rallyan parte hartzeko epea irekita dago ekainaren 9ra arte.
Aurreikuspen guztiak beteta, antolatzaileak pozik dira aurtengo Beitia mendi martxaren emaitzarekin. Eguraldia alde izan zuten mendizaleek, eguzkiarekin eta haize gozoarekin, eta gozatu ederra hartu zuten goizean goiz, Areizaga-Kalebarren plazan elkartu ziren mendizaleek. 1.080 lagun abiatu ziren irteera puntutik. Horietatik 763 gizonezkoak ziren eta 324 emakumezkoak (%34). Gehienak, 593, Urretxukoak eta Zumarragakoak ziren. Inguruko herrietakoez gain, arabarrak (21) eta bizkaitarrak (29) ere gerturatu ziren. Urrutiagotik ere iritsi ziren mendizaleak: Bartzelonako (Herrialde Katalanak) lau lagun eta Granadako (Espainia) bat, kasu.Giro onean osatu zuten mendizaleek 32,28 kilometroko ibilbidea eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, ez zen istripurik izan: «Gurutze Gorrikoek lehendik izandako lesioek eragindako eragozpenak medio bi pertsona jaso behar izan zituzten. Bestela, ohiko kontuak, babak, urratuak».
Hainbeste jende mugitzen den lekuan bitxikeriak ez dira falta izaten eta alemaniar bikote batekin gertatukoa jaso dute antolatzaileek. Bartzelonatik alemaniar bikote bat etorri zen eta Trekutzen euren ahalegina bertan behera uzteko eskatu zien antolatzaileek, mantsoegi zihoazelako. «Euskaraz eta gaztelaniaz ez zekitenez gero, eta ingurukoek ingelesik eta alemanierarik ere ez, itzultzaile bat aurkitu behar izan genuen telefonoz egoera azaltzeko». Aizpurutxora eraman zituzten eta helmugara bidegorritik iritsi ziren. «Behin helmugan, oso gustura egon ziren».
www.beitia.org webgunean bidez mendizaleen iritziak biltzen ari dira antolatzaileak, eta «orain arte jasotakoak oso onak dira», diote antolatzaileak.
Argazki rallya
Irudi politak ikusi ahal izan ziren beste behin ere Goierri, Deba Garaia eta Urola-Kosta eskualdeetako mendietan. Mendizaleek argazki makina aldean eramaten dutela aprobetxatuz, argazki rallya antolatzen dute. Ekainaren 9rako aurkeztu behar dira lanak.













