233 txirrindulari Goierriren mendi bizikleta irteeran
Goierri kirol elkartearen mendiko bizikleta sailaren 24. martxa oso arrakastatsua izan da. 233 lagunek parte hartu dute eta txirrindulariei asko gustatu zaie ibilbide berria. Antolatzaileak «oso gustura» ageri dira. «Aurten
Goierri kirol elkartearen mendiko bizikleta sailaren 24. martxa oso arrakastatsua izan da. 233 lagunek parte hartu dute eta txirrindulariei asko gustatu zaie ibilbide berria.
Antolatzaileak «oso gustura» ageri dira. «Aurten iaz baino txirrindulari gehiagok parte hartu dute. 2014an parte hartzaile kopurua ez zen 200era iritsi», esan du Mikel Beitia antolatzaileak. 233 txirrindulari horien artean, 14 urtetik beherakoak hamalau izan dira eta 14 eta 18 urte bitartekoak, sei. Zoritxarrez, nahiz eta aurreko egunetan antolatzaileek emakumeei deialdia luzatu zieten, bost neskek bakarrik parte hartu dute. Jatorriari dagokionez, 102 Urretxu eta Zumarragakoak izan dira eta gainontzeko guztiak kanpokoak. Kanpotarren artean gipuzkoarrak izan dira nagusi, baina Bizkaitik ere etorri dira txirrindulari batzuk.
Proba igandean izan zen eta dena primeran joan zen. «Bizikletan ibiltzeko oso eguraldi ona egin zuen eta ibilbidean ez zegoen lokatzik. Erorketak garrantzia gutxikoak izan ziren eta Gurutze Gorrikoek ez zuten lanik izan».
Parte hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran: bata 24 kilometrokoa eta bestea 40koa. Txirrindulariak Irimo eta Elosua inguruan ibili ziren, baina ibilbide luzekoek Irimo magalean ginkana moduko bat ere egin zuten. Ibilbide hau berria zen eta txirrindulariei asko gustatu zitzaien. «Gogorra baina polita zela esan zuten».
Aurtengo arrakasta ikusirik, datorren urtean aldaketarik ez dela egongo pentsa daiteke, baina ez da hala. «Datorren urtean zer edo zer berezia egin nahi dugu, gure probaren 25. edizioa izango baita», aurreratu du Beitiak.
Lehenago, hilaren 27an, Goierri kirol elkarteak beste txirrindulari irteera bat antolatuko du. Hau errepidean izango da. Ibilbideak 84 kilometro ditu. Zikloturistak 09:00etan irtengo dira Areizaga-Kalebarrenetik. Mandubiko eta Atagoitiko itzuliak osatuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek kirolprobak.com helbidean eman dezakete izena. Izen-emateak 10 euro balio du. Egunean bertan 15 kostako da.