i8 autobus modelo berria aurkeztuko du urrian Irizar enpresak
Ormaiztegiko Irizar enpresa Belgikako Busworld autobus azokan izango da datorren hilean, eta bertan aurkeztuko du i8 autobus modelo berria. Urriaren 16an izango da aurkezpen ekitaldia, 12:30ean. Belgikako Kortrijk hirian egiten da Busworld azoka urtero...
Gama altuko autobusa izango da i8-a, «azken belaunaldikoa». Azokan, modelo horren bi eredu ikusteko aukera izango da. Irizarrek, momentuz, ez du aurreratu nahi izan zein izango diren modelo berriaren ezaugarriak. Izan ere, bezeroei aurkeztu nahi diete lehenik autobusa. Urriaren 23an egingo dute bezeroentzako aurkezpena, Ormaiztegiko lantokian.
Autobus elektrikoa ikusgai
Irizarrek iaz kaleratu zuen i2e modeloa ere, %100 elektrikoa, ikusgai izango da Busworld azokan. Modelo horrek 2015eko autobus onenaren saria lortu du. Etorkizunean hirietako mugikortasuna elektrikoa izango dela argi du Irizarrek, eta eskariari erantzuteko, soilik autobus elektrikoak ekoitziko dituen lantegia eraikitzen ari dira Adunan (Gipuzkoa). 2016 bukaerarako martxan izatea espero dute.













