Zaldibiak eta Zegamak itzulikoa dute eskuz, Lazkao eta Ordizia erremintan hastear
Zaldibiak Albiztur hartuko du bihar Resti pilotalekuan, eta Zegamako Azkoitia Toki-Alain. Ordiziak Andoainen ekingo dio txapelketari, eta Lazkaok etxean Debaren aurka. Azpeitiak Olaberria kanporatu du.
Mantzizidor-Arrese Zaldibiako kadeteetako bikotea, iaz, Resti pilotalekuan Hernaniren aurka jokatutako partidan. Iñaki Gurrutxaga Gipuzkoako Herriartekoan hasi ziren sei herrietatik lauk lehian jarraitzen dute. Esku-huska, Zaldibiak eta Zegamak final-zortzirenetako itzulikoak jokatu dituzte bihar, eta erremintan final-laurdenetako joanekoak dituzte Lazkaok eta Ordiziak. Olaberria dagoeneko txapelketatik kanpo dago.
Zaldibian jokatuko da asteburuko lehen jaialdia, 18:30ean hasita, Resti pilotalekuan. Joan den igandean Albizturko Mendikute pilotalekuan aritu ziren, eta hiru partidetatik bakarra irabazi zuten zaldibiarrek. Mantzizidor-Arrese kadeteek 22-11 irabazi zieten Juantorena-Aldalurri. Jubeniletan, Aranburu-Lopez bikoteak 22-16 galdu zuten Arandia-Elolaren aurka, eta nagusietan, Sukia-Elizegik 19an galdu zuten Labaka-Etxeberriren aurka. Frontoi laburra da Albizturkoa, eta zaldibiarrak ez ziren eroso ibili jokoan. Orain etxean ariko dira, eta gutxienez bi partida irabazi eta aldeko tanteoa lortu beharko dute sailkatzeko. Taldeko arduradunek dei berezia egiten diete herritarrei frontoira joateko, eta gogoratu dute jan-edana eta zozketak izango direla.
Zegamak Azkoitia izan zuen aurkari aurreko asteburuan Gurea pilotalekuan. Berez Zegaman jokatu behar ziren joanekoak, baina Zegama-Aizkorriko asteburua dela eta, ordena aldatu behar izan zuten. Zegamarrek ere hirutik partida bakarra irabazi zuten, eta tanteoa ere ez dute aldeko. Kadeteetan, Ormazabal-Landak 22-4 irabazi zieten Santos-Juaristiri; jubeniletan, 12-22 galdu zuten Landa-Izagirrek Etxaniz-Arregiren aurka; eta nagusietan, tanto bakarra egin zuten Telleria-Errastik Juaristi-Aranberriren aurka. Itzulikoak bihar jokatuko dira Zegamako Toki-Alain, 20:15ean hasita.
Lazkao eta Ordizia erremintan hastear
Final-laurdenetan ekingo diote Lazkaok eta Ordiziak erremintan. Lehenek Deba izango dute aurkari, eta larruzko paletako eta pala motzeko bi partidak gaur jokatuko dituzte Olaberriko frontoian, 19:15ean hasita.
Ordiziak Andoain izango du aurkari, eta Arrate pilotalekuan jokatu dituzte joanekoak igandean, 11:45ean hasita.
Erremintako txapelketatik kanpo gelditu dena Olaberria izan da. Orain hamabost egun etxeko bi partidak irabazi ondoren (Soberon-Garrido 35-32 Garaizar-Alkorta eta Olaran-Naldaiz 40-29 Sanchez-Martija, joan den asteburuko biak azpeitiarrek irabazi zituzten etxean (35-20 eta 40-30) eta tantoen aldearengatik haiek sailkatu ziren.













