Gurutz Barandiaran hil da, Lazkaoko txirrindularitzaren XX. mendeko arima
Txirrindulari lasterketen antolatzaile, arduradun eta zaletasunaren bultzatzaile izan zen 60 urtean. Atzo hil zen, 87 urterekin. 2024an omendu zuten, Kirol Sarietan.
Gurutz Barandiaran, 2018ko apirilean, horren maitea zuen Lazkaoko Probaren urte hartako esku-orriarekin.Aimar Maiz Atzo hil zen, 87 urterekin, Gurutz Barandiaran Irastortza Kuxito lazkaotarra (Lazkao, 1938), herriko txirrindularitzaren bultzatzaile, antolatzaile eta arduradun izana 60 urtean. Lazkaon txirrindu zaletasuna bultzatzen eta federatu mailan karrerak antolatzen lan nekaezina egin zuen, XX. mendearen bigarren erdi osoan eta XXI.aren aurrenko hamarkadetan.
Esparru elkartearen bidez, 1960an hasi zen Lazkaoko afizionatu karrera antolatzen laguntzen, aita hil eta hurrengo urtean. “Morroi bezala hasi nintzen: sobreak egin, etxez etxe banatu dirua hartzeko… Esparruk antolatzen zuen ordurako. Jesus Naldaiz, Sabin Mingo, Periko Gartziandia… ibiltzen ziren. Bazkide ez zirenak ere bai”, gogoratu zuen 2018an, Goierriko Hitza-ri emandako elkarrizketan.
Osasunak utzi zion arte jarraitu zuen antolakuntzan, orain urte gutxira arte. Lazkaoko Proba historikoa urtez urte gauzatu zedin, ezinbesteko langilea izan zen Barandiaran. 2018an 75. ekitaldia bete zuen afizionatu mailako lasterketa horrek. Bazkari jendetsu batean antolatzaileak, laguntzaileak eta babesleak elkartuta ospatu zuten.
2024ko azaroan, Lazkaoko Kirol Sarien emanaldiaren baitan, herriaren omenaldia jaso zuen Gurutz Barandiaranek. Ordurako ibiltzeko ezinduta, ezin izan zuen ekitaldian egon, baina bideo batean bidali zituen eskerrak eta aurrera jarraitzeko animoak.
Gurutz Barandiaranen aldeko hileta elizkizuna gaur, ostirala, 19:00etan egingo dute, Lazkaoko San Migel elizan.

Gurutz Barandiaran, 2018ko apirilean, horren maitea zuen Lazkaoko Probaren urte hartako esku-orriarekin.Aimar Maiz












