Eskola kirola, guztientzat
Udalak, ikastetxeak eta aldundia eskola kirola hobetzeko lanean ari dira eta zaurgarrienen aldeko ekimenak jarriko dituzte martxan
Goierri garaiko hiru udalerriak eta bost ikastetxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundia eskola kirola sustatu eta hobetzeko lanean ari dira. Talde eragile batek hiru urte daramatza lanean eta datorren ikasturtean ere hainbat hobekuntza egingo dira: hezkuntzako beka jaso duten familiek ez dute izen-ematea ordainduko, kirol klubekin lankidetza indartuko da eta desgaitasuna dutenen parte-hartzea bermatuko da.
Horren guztiaren berri atzo goizean eman zuten, Zumarragako Argixao estadioan. Lehen urratsak bukatzear den ikasturte honetan eman dira: ikastetxe bakoitzak bere barne antolaketan egituratu ditu eskola kiroleko Jolashezi eta Multikirola programak. Zerki kirol zerbitzu enpresaren laguntza izan dute. Bien bitartean, udalek eta aldundiak instalazioak eta diru-laguntzak bideratu dituzte.
Datorren ikasturtean, aldundiak baliabide ekonomikoa areagotuko ditu, bereziki kirol hastapenaren eskubidea unibertsala izan dadin. Ikasturte honetan hezkuntzako beka bat jaso duten familiek ez dute izen-emateagatik ordainduko. Gainontzeko familiek Multikirolagatik 60 ordaindu beharko dute eta Jolashezigatik 30 euro.
Inklusioa
Desgaitasunen bat duten ikasleei dagokienez, ahalegin berezi bat egingo da inklusioa lortzeko. Datorren ikasturtean kolektibo horren gaineko lehen eskaintza artikulatuko da.
Matrikula garaia zabalik dago jada. Izena emateko epea ekainaren 5ean itxiko da. Talde eragileak Goierri garaiko familiak egitasmo honetan parte hartzera animatu ditu. «Asmo bakarra dugu: ume denak erdigunean jarri eta guztion eta guztiontzako eskola kirola eraikitzea». Maiatzaren 30ean kirolaren festa egingo dute Legazpiko Euskal Herria plazan.













