Topa egiteko garaia
Zegamako II. Cava Festa egingo dute, iazko edizioaren harrera onak hauspotuta. Zortzi cava mota ezberdin eta Kalitatez Goren etiketako jakiak probatzeko aukera izango da, bihar eta etziZegamako zortzi elkartek eta udalak antolatuta, II. Cava Festa egin...
Zegamako II. Cava Festa egingo dute, iazko edizioaren harrera onak hauspotuta. Zortzi cava mota ezberdin eta Kalitatez Goren etiketako jakiak probatzeko aukera izango da, bihar eta etzi
Zegamako zortzi elkartek eta udalak antolatuta, II. Cava Festa egingo dute asteburuan Zegaman. Zortzi cava mota ezberdin probatzeko aukera izango da bertan, eta edaria laguntzeko, Kalitatez Goren etiketako jakiak ere izango dituzte. Txartelak pilotalekuan daude salgai, eta bihar eta larunbatean bertan ere izango da erosteko aukera.Iaz egin zuten aurreneko Cava Festa Zegaman, eta egitasmoak «harrera ona» izan zuela ikusita, aurten berriz egitea erabaki dute. Izaskun Igoa kultura zinegotziaren hitzetan, «Zegamak Sant Sadurni d’Anoiarekin duen anaikidetza erlazioa» dela eta hasi ziren bertako cava ezagutzeko jardunaldiak egiten. Igoaren arabera, «cava edari ezaguna da gure artean», baina ohiko marka ezagunez gain, beste hainbat aukera ere badaude merkatuan. Aurten ere, zortzi etxetako edaria probatzeko aukera izango da, denak ere «kalitate handikoak». Gainera, horiek probatzeko «aukera desberdinak» izango dira; hala, kopak edo botila osoak erosi ahal izango dira.
Elkarlanean antolatuta
Udalaz gain, Amezti elkarteak, Orkatz abesbatzak, Elkartu Nahi txirrindulari taldeak, Tartaloetxek, Gazte Erexak, Jubilatu elkarteak, Karraztarro ehiza elkarteak eta Kasino elkarteak parte hartu dute antolaketa lanetan. Elkarlanean eta «ilusio handiz» prestatu dute asteburuko festa, eta goierritar guztiei luzatu diete asteburuan Zegamara joan eta festa horretan parte hartzeko gonbitea. Horretarako, autobus zerbitzu berezia ere jarriko dute asteburuan. Zaldibiatik iluntzean abiatuta, Ordizian eta Beasaien geldituko da. Bueltakoa berriz, goizaldeko 01:55ean abiatuko da Zegamatik.













