Legorretako baserri ugari arakatu dituzte Aldaieta jubilatu elkarteko lagunek, tresna, gailu edo lanabes zaharren bila. Harripila kiroldegian jarri dituzte erakusketan. Gaur du azkeneko eguna.

Legorreta
Ondarea, gailu edo tresna bati garrantzia ematen zaion unean da ondare. Kasurik egiten ez bazaio, haren balioaz jakinminik ez bada, eta erabili zuten garaiaz ezer jakiteko egarririk ez badago, traste zahar besterik ez dira. Legorretako Aldaieta jubilatu elkarteko kideek, ondasun horren garrantziaz jabetuta, herriko baserri askotara bisita egin dute. Eta ondare-emaitza inork uste ez zuen bezain aberatsa atera da.
Legorretaren hiribildu tituluaren 400. urteurrenak historia izan du jorratzeko gaietako bat. Eguneroko historian, etnografian sakondu dute Aldaietako lagunek. Harripila kiroldegian erakusketa atondu dute; larunbatean ireki zuten, eta gaur izango da ikusteko azkeneko eguna: 11:00etatik 14:00ak aldera arte, eta 18:00etatik 20:00ak pasatxora, jenderik baldin badabil.
Kirol pistaren buelta guztian, mahaietan kokatu dituzte lanabesak, etxeko tresnak, gurdiak, soro eta lur lanetako erremintak, arotzeriako gauzak, lan-mahaiak… Baita tronboi zahar bat ere, edo antigoaleko pistolak.
Joan, ikusi eta balioa eman
Aldaietakoek Legorretako baserri batzu-batzuk ikusi dituzte. Erakusketa 14 bat etxetako gauzak daude. «Baserrietan gauza asko daude, uste baino gehiago. Batzuk utzi dizkigute, eta beste askoz gehiago ere badaude», dio Joxe Manuel biltzaileak.
Erakusketa baserrika dago antolatuta. Pisu berezia du arotzeriak, Legorretan garrantzi handiko ogibidea baitzen; hiru arotz tailer izan ziren, garai batean.
Pieza guztiak katalogatu egin dituzte, eta zerrenda udalari emango diote, behin erakusketa kendu eta gauza guztiak bakoitza bere etxera itzulitakoan. «Horrela, gerora herriak jakin dezake zer eta non dagoen».
Erdi-erdian, herriko 50 baserriren argazkiak daude, izendatuta, Iban Zunzunegik ateratakoak. Etxeen izenak ere ez dakizkitelako gaur askok.