Orklin izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua
Patxi Lopez Orkliren zuzendari nagusiak urteko balantzea egin du
Gaur goizean Ordiziako Orkli enpresan izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Patxi Lopez Orkliko zuzendariarekin batera. Lopezek urteko balorazioa egin du, eta “oso positiboa” izan dela nabarmendu du. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuz, aurtengo irabaziak iazkoak baino %16 gehiagokoak izan dira. Irabaziak ez ezik, langile kopuruak ere gora egin du Orklin: %3an igo dela esan du zuzendariak. Pozik azaldu da zuzendaria lortutako emaitzekin.
Azaroan, Orklik ur-trukagailuen Velmex enpresa italiarraren kapital sozialaren %40a eskuratu zuen. Inbertsio horrek “bezero eta merkatu berriei” ateak irekitzen dizkiola esan du Lopezek.
Bestalde, Arantxa Tapiak adierazi du Euskadiko enpresek erakargarriak izaten saiatu behar direla nazioartean, kanpoko enpresek hemen inbertitzeko. “Enplegua sortzen badute, teknologia berriak erabili, eta lehiakortasuna bultzatu, ongi etorriak izango dira”. Hala ere, argi utzi du Euskadin inbertitzea dela helburua: “Euskadi ez dago salgai“, azaldu du.