Inauteriak ez dira bukatu oraindik
Lazkaon eta Legorretan asteburu honetan ospatuko dute inauteria, herri bakoitzeko gazte asanbladek antolatuta. 'Marrazki bizidunak' jarri dute mozorrotzeko gaia lazkaotarrek.
Inauteri garai ofiziala igaro eta garizuma aldi goibela hasiko zela uste zuena, oker zebilen. Oraindik bada Goierrin erretzeko kartutxorik. Legorretan eta Lazkaon asteburu honetan ospatuko dituzte: bihar eta etzi lehenengoaren kasuan, eta larunbat egun osoan lazkaotarrenean. Bietan gazte asanbladak arduratu dira egitaraua antolatzeaz, eta gazteek eurek alaituko dituzte herriak, nagusiki.
Festaz gain, truke ekonomiaz gehiago ikasteko modua ere jarri du Gazte Piku asanbladak Legorretan, inauteri giroa baliatuz. Bihar, 18:00etan, hitzaldia egingo dute gaztetxean, eta ondoren bertako produktuak probatzeko aukera izango da. Larunbatean ere jarriko dute mokadutxoa.
Festa-festa, larunbatean bildu dute legorretarrek. 16:00etan haur jolasak hasiko dira, plazan. Ondoren, areto futboleko 3. mailako Bilkoin-Santurtzi partidara joango dira denak, Harripila kiroldegira. Mozorrotuta animatuko dute herriko taldea.
Desfilea Legorretan
Inauteri giro bete-betea iluntzearekin batera piztuko dute Legorretako gazteek. 19:00etan desfilea egingo dute, eta jarraian karro-poteoa.
Gauean, herri afaria izango da, Aldapa Haundi elkartean. 60 lagunentzat tokia dago, eta txartelak asteazkenerako erosi behar ziren Olaso eta Arantxa tabernetan, edo gaztetxean (10 euroan).
Inauteri festa borobiltzeko, 23:00etan musika kontzertua hasiko da. Botaik eta Otsein taldeek joko dute.
Lazkaon marrazkiak gai
Lazkaoko Gazte Asanbladak, bere aldetik, larunbaterako prestatu du herriko inauteria. Urtero, mozorrotzeko gaia finkatzen dute. Aurten, marrazki bizidunak da irudimenari jare egiteko esparrua.
Eguerdian hasiko dira lagun taldeak kalean elkartzen. Plaza eta inguruak disfrazekin eta kolorez jantziko dituzte. Jundajo herriko txaranga ere aterako da, kalejira musikatzera.
Lagun arteko bazkaria Amebi sagardotegian egingo dute, 15:00ak aldera hasita. Hara joateko autobusak egongo dira; 14:30ean irtengo dira, Oker tabernaren paretik. Bazkariaren eta autobusaren prezioa 18 euro da, eta txartelak Zelata, Alboka, Giroa eta Antsoategi tabernetan erosi behar dira, aurrez.
Festak arratsean jarraituko du, atzera Lazkaoko herri gunean.
Herriko tabernek mozorro festa hau aurrera eramateko dirulaguntza ematen diote Gazte Asanbladari.













