Xendapedalak larunbatean da
Legorretan 18, 28 eta 38 kilometroko hiru ibilbide izango dira, 09:00etan hasita. Bihar, 16:30ak baino lehen, izena eman beharko da.
Legorretako VI. Xendapedalak probaren irteerako argazki bat, iaz.Loinaz Agirre Mendiko txirrindularitzaren zaletuek hitzordua dute asteburuan Legorretan. Xendapedalak BTT mendi bizikleta martxaren zazpigarren edizioa jokatuko da larunbatean, eta antolatzaileek prestaketa lan guztiak bukatu dituzte dagoeneko. Goizean, 09:00etarako egin dute hitzordua, eta herriko plazatik abiatuko dira partaide guztiak.
Aitor Castilla antolakuntzako kideak aurreratu du oraingoz 49 lagunek izena eman dutela, baina oraindik zabalik dago horretarako aukera. Proba berezi honetan parte hartu nahi dutenek, RockTheSport.com orrialdean izena eman beharko dute. Ostiral arratsaldea izango da bide hortatik izena emateko azken eguna, arratsaldeko 16:30ak baino lehen. Hala ere, egunean bertan ere izango da horretarako aukera, probak hasi aurretik.
Ohi bezala, Legorretako Udalak eta Pikuk Kirol Klubak elkarlanean antolatu duten ekimena da, eta probaren «izaera herrikoia» mantentzeko asmotan, aurtengoan hiru ibilbide jarri dituzte herritarren eskura: ibilbide luzea 38 kilometro eta 1400 metroko desnibelduna, ibilbide motza 28 kilometrokoa eta 900 metroko desnibelduna, eta ibilbide herrikoia 18 kilometrokoa eta 600 metroko desnibelduna. Legorretako mendietan zehar egingo dira, eta plazan amaituko dira hirurak. Castillak jakinarazi duenez, ibilbide herrikoia «nahiko erraz» egiten da, eta «ez da batere teknikoa». Hartara, herritarrei parte hartzeko deia luzatu die probaren antolakuntzak.
100 partaideei saria
Irabazleek aurten ez dute mailotik izango, baina izena ematen duten aurreneko ehun partaideek Gobik-en galtzerdi parea jasotzeko aukera izango dute. Bestelako informaziorik eta zalantzarik argitzea behar duenak Instagram sare sozialeko @xendapedalak kontura jo dezakete. Instagram kontu berean, Facebook-eko kontuan edota Wikiloc-en ere ibilbideen track-ak aurkitu daitezke.













