Bizkaiko Old Port Films ekoiztetxea Islandian 1615ean eraildako baleazale euskaldunen inguruko dokumentala grabatzen ari da. Igartubeitin grabatu dituzte zati batzuk.
M. Igartua
Goierri
Egunotan dokumental bat grabatzen ari dira Ezkioko Igartubeiti baserrian. Ondareari buruz? Sagardoari buruz? Ez, ba. Islandian 1615ean eraildako baleazale euskaldunen inguruan, alajaina. Old Port Films ekoiztetxe bizkaitarra ari da grabaketak egiten, atzo eta gaur. Baskagivin izena du dokumentalak.
Baina, zein zerikusi du Igartubeitik baleazaleekin edota Islandiarekin? Berez, bat ere ez. Kontua da Igartubeitiren barrualdeko harri eta egurrezko egiturak primerako aukera eskaintzen duela Islandiako garai hartako etxolen barrualdea irudikatzeko. Zehazki, Islandiako bost txabolaren barrualdeak grabatuko dituzte baserrian. «Oso sinesgarria da», azaldu du Katixa De Silvak, produkzioko arduradunak.
Erailketen eszenak
Eta, zer gertatu zen 1615ean Islandiako etxola haien barruan? Besteren artean, —afariak, festak…—, erailketak. Atzo gauean filmatu zituzten erailketak, eta tiro hotsak izan ziren Igartubeitin. «Dokumentaleko zatirik garrantzitsuena da», esan du De Silvak.
Aktoreez gain, 22 extra ari dira lanean egunotan. Horietako bat Zumarragakoa da: Jose Agustin. «Islandiar itxura du, gainera». Gainontzeko zatiak Euskal Herrian, Espainian zein Islandian errodatu dituzte.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.