Feria berezian erosle gehiago nahi
Saldu eta erosteaz gain makina bat eginkizun betetzen ditu merkatu batek, egun berezietan are eta gehiago: omenaldi, ohitura erakusle... Atzokoak bat egin zuen Artzain egunarekin.
Martxokoak bukatu ziren atzokoarekin. Eguraldia lagun zela, Artzain eguna ospatzeak jende asko erakarri zuen Ordiziako azokara. Ohiko fruta, barazki, lore edota landare saltzaileentzat ez dira feriarik onenak izaten horiek. Baina saltzaile horietako batzuek dioten moduan, «propaganda egin behar da eta hemen gaudela erakusteko balio dezala». Ez du alferrik 500 urtetik gorako historia!
Udaberria sendotasunez ezin sarturik dabil eta landare eta lore salmenta oraindik ere fundamentuz hasi gabe dago. «Biharko ere hotza iragarrita dago» eta «zozomikoteen kontua gure aurrekoek ez zuten alferrik asmatua», Pepita eta Kontxi Aiestaran ahizpei entzun diegu hori argudiatzeko.
Hemengo ilarra hasi da
Aramako Patxi Arizmendik ekarri du aurtengo lehen ilarra, 2,5 kilo, hain zuzen ere. Principe Alberto motakoa da. Landare luzea du, negutegi barruan: «Nire altura pasa hartu du». Aurten, urte bukaerarako indarra hartua zuen landareak eta lehenago ekarriko ote zuten esperantza bazuten ekoizleek, baina Goierrin behintzat ohiko garaian agertu da azkenik. Datuak lekuko: 2011ko feria egun berean tokatu zen, martxoaren 30an, eta egun hartan ekarri zuten urteko lehen ilarra orduan ere. Aste bete lehenago agertu zen iaz, eta apirileko lehenean 2014an.
Hitzetik haratago ekintzak
Ekitaldi dotorea egiten da udaletxean Artzain egunean, urteko ardi gazta berria aurkezteko. omenaldiak egiteko ere baliatua izaten dena. Atzo gazta ebakitzeko ohorea Roberto Ruiz sukaldariak izan zuen.
Ondo merezitakoa, Ordizian asteroko azokan oso estimatua den bezeroa baita. Atzo ere, berak erosi zituen lehen ilar berriak, eta galdetuta, baita nola prestatzen dituen azaltzeko pazientzia hartu ere. Artzainei, berriz, udaletxeko areto nagusiko ekitaldian «esnea gazta bihurtzeagatik» sukaldari merezimendu gorena eman zien. Hitz ponpoxoez gain, ekintza jakinekin erakusten du Robertok asteroko merkatuekiko eta gure produktuekiko lotura eta errespetua.
- Aste honetako azokako prezioak













