Haritz Mujika Lasa (Asteasu, 1995) bertsolaria izan zen atzo onena Gabiriako 45. Osinalde Saria bertso lehiaketan. Lehenengo partaidetza zuen elkarte horretan, eta hark eraman du sari nagusia. Entzuleen gustukoena, berriz, Unai Mendizabal zizurkildarra izan da, eta bertsorik onenaren garaikurra Eneko Araiztegi segurarrak eraman du.
Gaueko hiru sarien irabazleak: Araiztegi (bertso onena), Mendizabal (entzuleen gustukoena) eta Mujika (garailea)./Aimar Maiz
Bizi-bizia eta unetan arrazoi nahiz umore kolpe handiko saioa osatu dute, bart, Argiberri, Osinberde eta Aztiri sarietatik sailkatutako sei bertsolariek. Lehen partean Unai Mendizabal nabarmendu zen, bertsoaldi guztiak baliatu baitzituen, asmatuz. Saioan behetik gora eginez, eta bakarkako lanetan borobil jardunez, Mujikak lan osoagoa egin zuen, agian.
Sei bertsolariak, eta Gurrutxaga kantuan./Aimar Maiz
Bi goierritar ziren Osinaldeko mahaian, biak debutariak Gabirian. Maialen Akizu urretxuar-gabiriarra txukun aritu zen. Eneko Araiztegi segurarrak ere zuzen eraman zituen bere lanak, arrazoietan erantzun onak joz. Horietako batek, “ta ez nintzen klaseko soltero bakarra” bukatu zuen bertsoak, balio izan zion bertso onenaren saria jasotzeko. Aurreko gai batekin iaio lotu zuen kartzelakoan jarri ziotena (“Zuen haurtzaroari buruz ari zarete”, binaka jarduteko).
Maider Arregi oñatiarra eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra –bere bigarren Osinalde sarian– ere huts nabarmenik gabe jardun ziren.
Arregi, Araiztegi, Mendizabal, Mujika, Akizu, Gurrutxaga eta Jokin Murua gai jartzailea, atzo, Gabiriako Osinalden./Aimar Maiz
Osinalde elkartea bete egin zen, beste behin, bertso saioa entzuteko. Errifaren zozketan, honakoak dira zenbaki sarituak: 1. saria 736 zenbakiarentzat, 2. saria 17 zenbakiarentzat eta 3. saria 1 zenbakiarentzat.
Osinalde elkartea entzulez beteta, sei bertsolarien lanari aiduru./Aimar Maiz
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.