Porrot mingarria jaso du Ampo Ordiziak, Barcelonarekin azken minutuetan galduta
Dena alde zuten: etxean ari ziren, egun berezia zen, giro ederra, eta jokoan ere asmatzen ari ziren. Garaipena etxean gelditzeko baldintza guztiak betetzen ziren. Baina ez zen hala izan. FC Barcelonak apal ekin zion ligari, baina behetik gora egiten ari da; eta hala erakutsi zuen atzoko partidan ere.
Bi taldeen arteko lehia estua izan zen; 5na eta 12na berdinduta joan ziren, baina azken txanpan katalanek indar gehiago erakutsi zuten, markagailua eta puntuak beraien aldera irauliz. 67. minutuan, 12-12ko berdinketa erakusten zuen markagailuak. Epaileak FCBko Losada kanporatu zuen, eta Rustek zigor kolpea gauzatu zuen, etxeko taldea aurretik jarriz (15-12). Berriz ere, dena alde zutela zirudien. Ordiziak presio egiten jarraitu zuen ordea, eta 22ko lerroan zigor entsegu batekin borobildu zuten ahalegina; 15-19, garaipena bisitarientzat eta etxekoek defentsako bonusarekin konformatu behar.
Liga bukatzeko hiru jardunaldiren faltan, sailkapeneko 9. postuan dago Ordizia. Dagoeneko ez dute play offean sartzeko aukera handirik, eta orain helburua, puntu bakarrera duten salbazioa lortzea izango da. Hiru partida eta hiru arerio garrantzitsu dituzte aurretik: Bathco, Hernani eta CRC.
OKEri omenaldia
Esan bezala, atzokoa egun berezia izan zen atzokoa Altamirako zaleentzat. Ordizia Kirol Elkartearen 75. urteurrena dela eta, haren anai txikia den Ordizia Rugby Elkarteak omenaldia eskaini nahi izan zion Ordiziako kirol klubik beteranoenari. Aurreskua eskaini ondoren, ohorezko sakea egin zuten OREko kideek.













