Atagoiti, txirrindularien mendate kuttuna
Legazpitik Gabiriara doan Atagoitiko mendatean txirrindulari andana ibiltzen da eguraldi ona egiten duenean. Autorik ez da pasatzen apenas, eta paraje ederrez gozatzeko aukera ematen du.
Larunbat eguerdia da. Udaberri giroa, azkenean. Eguzkiak tenperatura epeldu du, eta goierritarrek hautsak kendu dizkiete garajeko txirrinduei. Kaskoa jantzi, arropa aproposa soinean, hamaiketakoa motxilan sartu, eta Atagoitira. Horixe izan zen asteburuko plana goierriko txirrindulari askorentzat. Legazpitik Gabiriara doan mendatean izugarrizko trafikoa izaten da halako egunetan. Ez autoena, ordea, txirrindulari eta mendizaleena baizik.
Goierri osoan ezagutzen dute bidea, eta Azpeitia aldetik ere jende asko etortzen da. Endika Esteibar zumarragarra, esaterako, Brinkolako urtegira joan da txirrinduan, eta Atagoititik barrena egingo du buelta berriro ere herrira. Askotan egiten duen itzulia da. «Bidea oso polita da, eta auto gutxi ibiltzen dira», azaldu du. «Gainera, nahiz eta errepidea izan, mendian bertan zaude».
Erakargarriak dira inguruko parajeak, hare gehiago eguraldi onarekin. Gainera, Atagoitiko gainean, izen bereko baserriaren alboan, bi aulki txiki daude. Bertan geratzen dira txirrindulari asko, hamaiketakoa egiteko, edo, besterik gabe, atseden hartzeko. Aulkian eserita, ez da asko itxaron beharrik errepidean gora eta behera txirrindulari ezagunen bat ikusteko. Autorik ez da apenas pasatzen, baina minuturik ez da igarotzen txirrindularirik pasa gabe.
Jon Ander Garaialde eta Iñigo San Sebastian ordiziarrak Atagoitiko gainean daude mokadua jaten. Lehenengo aldiz joan dira. Aurretik ez zuten bidea ezagutzen. Atseden hartzen ari diren bitartean, hala ere, Ordiziako ezagun bat baino gehiago ikusi dute. «Antza denez, gure ingurutik ere jende asko etortzen da».
Wikiloc aplikazioaren bitartez izan zuten Atagoitiko bidearen berri. «Ikusi genuen jende asko pasatzen zela bertatik, eta horregatik animatu gara gu ere», azaldu dute. Txirrindulariek erabiltzen dituzten beste aplikazio batzuetan ere ageri da Atagoitiko bidea, jende asko ibiltzen denaren seinale. Aplikazio horietan, gainera, jendeak zenbat denboran igo duen ikus daiteke, eta nork bere buruarekin alderatu. Strava izeneko aplikazioak, esaterako, mendatea azkarren igo dutenen denborak eta sailkapenak jasotzen ditu.
«Bidea oso polita da, eta auto gutxi ibiltzen da; errepidea izanik ere, mendian zaude» Endika Esteibar (txirrindularia) «Irteera bat egiten dugun bakoitzean, Atagoititik itzultzen gara Legazpira» Mikel Agirreburualde (txirrindularia)Atagoitiko bidean duela hamabost bat urte bota zuten asfaltoa, eta ordutik inguruko txirrindularien kuttunenetakoa da. Telleriarteko Txirrindularien Elkarteko kideak, esaterako, irteera bat egiten duten bakoitzean Atagoititik itzultzen dira. «Eitzaga igotzea saihesteko egiten dugu, Atagoitin trafiko gutxiago dagoelako», azaldu du Mikel Agirreburualde kideak. «Gainera, neguan eguzkiak gehiago jotzen du». Goierri osoan da ezaguna Agirreburualderen hitzetan, Goierri osoan da ezaguna bidea, eta nork bere burua proban jartzeko ere erabiltzen dute. «Gure burua kontrolatzeko balio digu, erreferentzia modura», esan du. «Adibidez, alderatzen dugu denboraldi hasieran zenbat denbora behar izan dugun igotzeko, eta denboraldi amaieran zenbat». Txirrindulariez gain, oinezkoak ere barra barra ibiltzen dira Atagoitin. Batzuek zein besteek, kuttuna dute.














