Bihar hasi eta maiatzaren 15era arte jai giroa izango da nagusi Beasainen. Herriko Sukarra 37 taldeak kontzertua egingo du bihar Txosna gunean. 'Hasi' diskoa kaleratu berria dute
Festarekin erabat lotuta dago musika, eta aurtengo Loinatz jaietan ere bada zer entzun eta zer dantzatu. Kanpoko musika taldeekin batera, herriko taldeek ere eskenatokia izango dute, batez ere Txosna guneko oholtzan. Sukarra 37 taldea da horietako bat. Bihar, 23:00etatik aurrera, Norhern Pride eta Barrucadarekin batera ariko da bere azken lana, Hasi aurkezten.
Alain Lopez eta Koldo Galarreta beasaindarrek, Oier Ruiz de Apodaka ormaiztegiarrak eta Beñat Losada urretxuarrak osatzen dute Sukarra 37. Bi beasaindarrek, sare sozialen bidez jakin zuten biak Green Day musika taldearen jarraitzaile sutsuak zirela. Lopez berez trikitilaria da baina bere kasa ikasi zuen gitarrari doinua ateratzen; ondoren, Galarretari ere berak erakutsi zion. «Oiangura joaten ginen entseatzera. Autoko maleteroa ireki eta han jotzen genuen», gogoratzen dute.
2013ko udan osatu zuten taldea. Garbi dute Antzizar kiroldegiko sorkuntza lokalek lagundu zuela horretan: «Oso aukera ona da musika taldeentzat. Beste herrietan ez dago horrelakorik. Beste taldeekin harremanak sortzen dira gainera, eta ordutegirik ez izateak askatasuna ematen digu entseatzeko».
Lokal horietako bat eskuratzeko taldeari izen bat jarri beharrean aurkitu ziren. X taldea izenarekin sinatu zuten hitzarmena udalarekin. Baina Loinatz jai batzuetan, Vendettaren kontzertuan, hitz egokiago bat entzun eta horrelaxe bataiatu zuten taldea. Sukarra zen hitz hura. Dena den, pintxo poteko egun batean borobildu zuten behin betikoz taldearen izena. «Erizaintzako ikasle batekin aritu ginen hizketan taldearen izenaz eta hark sukarra 38rekin hasten zela esan zigun eta gu 37 izango ginela esan zigun». Hortik hartu zuten 37 zenbakia.
Pop rock estiloko musika egiten dute, «ahots aldetik oso melodikoa, erraz sartzen dena». Green Day taldearen abestiak jotzen hasi ziren lehenengotan baina pixkanaka beraien kantuak konposatuz joan dira. Sei kanturekin osatu dute lehenengo Hasi diskoa.
Youtuben entzun eta ikus daitezke abestiak eta bideo klipak. Alain Lopezek egiten ditu kantuak. Letrekin, «oso gai pertsonalak, egoera sozialak… aipatzen ditugu», azpimarratu du. Diskoko sei kantuak estilo desberdinetakoak direla aurreratu du: «Balada estiloko bat, punk ukitua duena… bariatua da».
Azpeitian (Gipuzkoa) grabatu dute. Oso esperientzia polita izan da gazte musikarientzat; baina gogorra ere bai, ordu asko sartu behar izan dituztelako. «Uste baino garestiagoa atera zaigu diskoa, Azpeitira bidean auto istripua izan genuen eta», gogoratu du Lopezek irribarrez buruari helduta.
Kontzertuekin zortea
Lazkaoko eta Legazpiko festetan kontzertuak jo dituzte eta herriko festetako egitarauan ere izango dute lekua. Burgosko (Espainia) herri batean ere joko dute. Gustura daude orain arte eskaini dituzten kontzertuekin. Lopezek eta Galarretak nabarmendu dutenez, «kontzertuekin zortea izan dugu. Jotzen dugun musika normalean ez da gazteek jotzen dutena; gazteek normalean gutxi entzuten dute musika hori. Baina kontzertu asko ari gara izaten, gustatzen da. Zortez Goierrin talde asko daude baina gure estiloa jotzen dutenak, bakarrak gara».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.