Legazpiko goitibehera lasterketan 53 parte hartzaile izango dira
Santikutz jaien barruan, larunbatean goitibehera lasterketa egingo dute Legazpin. Laubiden izango da, 16:30ean. Maldan Behera Inertzia Taldeak antolatzen du. Euskal Ligarako puntuagarria da, 2016ko bigarrena. Horrez gain, Open Norte de Inerciarako ere puntuagarria da.
Lasterketan parte hartzeko, 53 lagunek eman dute izena. Besteak beste, Maldan Behera Inertzia Taldeko Julen Agirreburualdek eta Gaizka Calvok parte hartuko dute. Biak legazpiarrak dira. Legazpiar gehiago ere izango dira lasterketan: Oier Aizpuru —Gorka Langarika kopiloto duela—, Roman Zabaleta eta Leonardo Migel Lopez.
Parte hartzaileen artean izango da Kalixto Garcia asturiarra ere. Zazpi aldiz irabazi du Espainiako Kopa, eta Legazpin bi aldiz irabazi du. Goitibehera berria estreinatuko du, gainera. Asturiasetik, Jose Miguel Fernandez ere etorriko da; hiru aldiz irabazita dauka Espainiako Kopa.
Euskal Ligako liderrak ere bertan izango dira: Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa kopilotoa. Idiazabalgo lasterketa irabazi zuen bikoteak, Euskal Ligako lehena.













