Lazkaomendin, Altzagaraten, Ezkion eta Zegamako Olaberrian dira asteburuan jaiak. Ezkion Izazpirako korrikaldia berreskuratuko dute. Altzagan, korrikalarien eta zaldizkoen arteko desafioa antolatu dute.

Gazte eta helduak, aulki jokoan jolasean, Lazkaomendiko festetan.
Lazkaoko, Legazpiko, Legorretako eta Beasaingo jaien artean, auzo eta herri txikiagoetako festek ere lekutxoa hartuko dute, asteburu honetan. Ezkion San Migel jaiak dituzte, gaurtik igandera. Lazkaomendin bihar-etzitan gozatuko dute gaina ekitaldi sortarekin. Altzagaraten, maiatzeko Andre Mariren eguna igandean da. Zegamako Olaberri auzoan ere egitaraua prestatu dute, biharko.
Ezkion, gaur arratsean hasiko dira ekitaldiak, txupina botata. Mieltxo pertsonaia jarriko dute, auzoko jaien ikur, festek dirauten bitartean.

Aizkolariak, maiatzeko San Migel jaietan.
Aurten, berritasun aipagarrietako bat
Izazpirako joan-etorria da. Igande eguerdian izango da, lasterketa herrikoi modura. 18 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta ordu eta laurdeneko gehieneko denbora jarri dute bukatzeko. Ezkiotik abiatu, eta Izazpiko puntara joan-etorria egingo dute. 6,3 kilometro dira luzean, 530 metro desnibela.
Lehen hiru gizonezko eta emakumezkoentzat daude sariak: 150 euro, 100 eta 50. Herriko aurrenekoak ere sarituko dituzte. 100 korrikalari da muga.
1978tik 1985era egin zen apustu giroko probetan du jatorria lasterketak. Lehenengo aldiz, 1978an, Joxe Antonio Aranzadi ezkiotarrak (51 urte zituen) eta Joxe Aierbe ataundarrak (35) buruz buru egin zuten korrika apustua. Aierbek irabazi zuen.
Probaren denbora marka Pello Garinek ipini zuen, 1982an: 31 minutu eta 26 segundo. Igandean, gaur egungo korrikalariei errekorra berritzeko erronka bota die antolatzaileek parte-hartzaileei.
Altzagaraten ere desafioa
Beste proba bitxi bat igandean 12:45ean hasiko da,
Altzagarateko festan. Bi zaldizkok eta bi korrikalarik lasterketa jokatuko dute, Itsasondotik gora. Mitxel eta Ander Arizkorreta aita-semeak korrika ariko dira, eta Izaskun Ezkurra eta Goiuri Urdangarin ama-alabak, zaldian.
Bi bikoteak Itsasondoko Iturriotz baserri ondotik abiatuko dira (N-1eko tunelaren gainean). Korrikalariek zuzenean Altzagaratera gorantz egingo dute, Sarasola baserrietatik igarota.
Zaldizkoek itzulinguru handiagoa egin beharko dute: Paymasa lantegitik aurrera joan, Sorabilla etxe inguruan biratu, eta handik zeharrik zehar Sarasola baserrietara. Gero ere Altzagaratera doan bidexkatik joan beharko dute, ez zuzenean, basoz.
Lazkaomendin, hiru gune izango ditu bihar-etziko festak: Albitsu edo Pipas jatetxea, Lartxai elkartea eta Itxurrene. Mus txapelketa, bertsolariak, herri kirolak eta erromeria izango dituzte, besteak beste.
Juniorren ziklismo proba bana Segura eta Lazkaomendin
Asteburuan Goierrin bi txirrindulari proba jokatuko dira, juniorrenak. Lazkaomendin 40. Proba bihar da. Lazkaotik 10:00etan abiatuko dira ziklistak, eta 80 kilometro egin ondoren, Lazkaomendi gainean bukatuko dute. Lazkao-Alegia bi joan-etorri egin lauan, eta jarraian Olaberria igoko dute, Ihurretik, azken aldapari ekiteko. 12:00etan bukatuko da.
Seguran, berriz, Gurutze Deunaren 42. Proba igandean jokatuko da, Javier Ormazabalen oroimenean. 79,1 kilometroko ibilbidea prestatu diete. Seguratik 16:00etan abiatuko dira. Zegamara joan eta etorri, eta Idiazabal-Ormaiztegi-Lierni-Mutiloa bira hiru aldiz egin beharko dute. 18:00etan bukatuko da lasterketa.