Museoen Egunaren harira, ekintza aukera zabala Goierriko museoetan
Maiatzaren 18an da Museoen Nazioarteko Eguna. 'Museoak eta paisaia kulturalak' da aurtengo gaia. Ekintza gehienak haurrei zuzenduakoak eta doakoak izango dira
Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da 1977az geroztik. Museoetako ondare kulturala zein historikoa herritarrei ezagutzera ematea eta denen esku jartzea izaten da egun horren helburua. Mundu guztiko museoei dei egiten zaie ekintza bereziak antolatzeko, eta Goierrin ere antolatzen dira. Datozen bi asteburuetan, ekintza aukera zabala izango da. Gehienak haurrei zuzenduta daude, eta doakoak dira.
Urtero, gai baten inguruan antolatzen da Museoen Nazioarteko Eguna. Aurten, hauxe da gaia: Museoak eta paisaia kulturalak. Museoek beren ingurunearekin duten ardura eta ingurune horri zer eskaini diezaioketen landu nahi da gai horren inguruan.
Herri gehienetan maiatzaren 21eko asteburuan ospatuko dute Museoen Eguna. Legazpin, ordea, aurre hartu eta igande honetan bertan izango dituzte ekintza nagusiak. Prentsa aurreko agerraldia egin zuten atzo Koldobike Olabide alkateak, Olatz Conde Lenburreko arduradunak eta Juan Mari Burguera artisauak, igandeko ekintzak aurkezteko.
Conderen hitzetan, aurtengo gaia ezinhobeto egokitzen zaio Legazpiri. «Gure museotako eskaintza ez da ate barrura mugatzen, ingurune guztia interpretatzen baitugu; gurea lurralde museo bat da», adierazi du. Zortzi museo ditu Legazpik, herriak historian zehar burdinarekin zein papergintzarekin izan duen harremana azaltzen dutenak, baita artzantza zein ogigintza azaltzen dutenak ere.
Artisauen lana argitara
Igandean bisita gidatuak egingo ditu Lenbur fundazioak Legazpin. Bi gune bereizi dituzte: batetik, Mirandaola eta, bestetik, Chillida lantokia. Mirandaolan mailua martxan ikusteko aukera izango da. Chillida lantokiko bisitak, berriz, bigarren zati bat izango du. Bisitariek herriko bi artisauen tailerrak ikusteko aukera izango dute: Juan Mari Burguerarena eta Ricardo Mediavillarena. Burguerak keramika egiten du, eta Mediavillak burdina landu. Biek paper fabrika zaharrean dute tailerra.
Burgueraren kasuan, azken hamarkadetan egindako lanak erakutsiko ditu. Izan ere, bere tailerraren alboan lokal bat bereganatu du, eta bertan bere lanen erakusketa jarri du. Mediavillaren kasuan, berriz, lanean ikusteko aukera izango da. Burdin pusketak sutik atera eta forma nola ematen dien ikusiko dute bisitariek.
Seguran ere maiatzaren 15erako antolatu dituzte hainbat ekintza, esaterako, hegaztiak ezagutzeko ibilbideak. Gainontzeko herri gehienetan hurrengo asteburuan izango dira ekintzak. Gaur, Gipuzkoako museoek Donostian aurkeztuko dute egitarau osoa.













