Beitia martxako mendizaleek hiru ibilbide izango dituzte aukeran igandean
Igandean Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Aurtengoa 20. edizioa da eta, martxaren lehen bi hamarkadak ospatzeko, antolatzaileek hiru ibilbide prestatu dituzte: bata 43 kilometrokoa, bestea
Igandean Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Aurtengoa 20. edizioa da eta, martxaren lehen bi hamarkadak ospatzeko, antolatzaileek hiru ibilbide prestatu dituzte: bata 43 kilometrokoa, bestea 30 kilometrokoa eta azkena 20koa. 2011ra arte mendi martxa horrek bi ibilbide izan zituen eta ordutik hona bakarra izan du.
Urteroko moduan, mendizaleak Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko dira. Ibilbide luzekoak 06:00etan irtengo dira. 43 kilometroko luzera eta 2.300 metroko desnibela du. Gabiriara joango dira Argixaotik eta Ormaiztegi aldean indarrak berritu ondoren, Kizkitzara abiatuko dira. Izazpitik pasako dira eta Pagotxetan bigarren anoa-postua izango dute. Samiño eta Oletatik pasa ostean, hirugarren anoa-postura helduko dira: Aizpurutxokora. Trekutzen berriro indarrak berritzeko aukera edukiko dute eta Irimotik pasa ondoren, herrira jaitsiko dira.
Antolatzaileek hiru ibilbide batean egin dituzte: azken kilometroak elkarrekin egingo dituzte guztiek. Martxa ertaine-koak 07:00etan aterako dira. Atxurzagara joango dira eta han martxa luzekoekin elkartuko dira. Ibilbide motzekoak, berriz, 08:00etan irtengo dira. Oletara joango dira eta han gainontzeko mendizale guztiekin elkartuko dira.
Ibilbide luzea eta motza lehen edizioan egin zituzten berberak dira. Ertainak, berriz, azken ekitaldietako ibilbideen luzera du.
Izen-ematea zabalik dago, Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan eta beitia.org webgunean. Egunean bertan ere izena eman ahal izango da. Aurretik egiten dutenek, 8 euro ordainduko dute. Egunean bertan egiten dutenek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute.
Urtero bezala, antolatzaileek kamiseta bana oparituko diete parte hartzaile guztiei. Aurten, 20. edizioa dela eta, oparitxo bat ere jasoko dute.
Antolatzaileek non lo egin ere eskainiko diete bezperan etortzeko asmoa duten mendizaleei. Hauek lo-zakua bakarrik ekarri beharko dute. Antolatzaileek prestatutako tokian lo egiteko, 633 380 136 (Hilario) telefono zenbakira deitu behar da aldez aurretik.