Garaileentzat, hotzik ez
Kilian Jornetek zortzigarrengoz irabazi du Zegama-Aizkorri. Yngvild Kaspersen izan da emakumezko onena. Lehen goierritarrak Beñat Katarain eta Saioa Arkonada izan diraZegama-Aizkorri maratoian parte hartu zuten korrikalariek hotzaren, haizearen eta eu...
Kilian Jornetek zortzigarrengoz irabazi du Zegama-Aizkorri. Yngvild Kaspersen izan da emakumezko onena. Lehen goierritarrak Beñat Katarain eta Saioa Arkonada izan dira
Zegama-Aizkorri maratoian parte hartu zuten korrikalariek hotzaren, haizearen eta euriaren aurka borrokatu behar izan zuten. Korrikalari asko erretiratu egin ziren eta «infernua» hitza denen ahotan ibili zen. Baina Kilian Jornet eta Yngvild Kaspersen irribarretsu heldu ziren helmugara. Garaipenak Goretexak baino gehiago babesten du eta, gainera, bata norvegiarra da eta bestea… estralurtarra.Eguraldi kaxkarra iragarri zuten, baina Zegamako irteeran hego haizea zen nagusi. Korrikalariak irten zirenean bero egiten zuen eta Aizkorrin zeuden ikusleek eta parte hartzaileek ez zutela hotzik pasako zirudien.
Ez zen hala gertatu, ordea. Eguraldia aldatu egin zen eta Aizkorri infernua bilakatu zen. Zerutik gertu, hotza eta bustia, baina infernua. Gustura hartuko zuten han zeuden guztiek su txiki bat…
Sua zuten bakarrak Jornet eta Kaspersen ziren, ordea. Beraien zangoetan, hain zuzen ere. Aritz Egea urretxuarra ere bero-bero zegoela zirudien, baina euri hotzak bere zangoetako sua itzali zuen. Lehen kilometroak lasterketa buruan egin zituen, baina Aizkorrin gora hoztu egin zen eta Arbelarren amore eman zuen.
Gizonezkoen artean, Jornet izan zen bere ohiko denboretatik gertu ibili zen bakarra. Mark Lauenstein suitzarrak bigarren egin zuen, bere lehen parte hartzean. Hirugarren postuan Luis Alberto Hernando espainiarra sailkatu zen. Emakumeei dagokienez, Caspersenen atzetik Megan Kimmel estatubatuarra eta Oihana Kortazar elgetarra sartu ziren. Lehen goierritarrak bi zegamar izan ziren: Beñat Katarain (56. postua, 04:55:35) eta Saioa Arkonada (13. postua, 06:09:50). Zegamarrak dagoeneko Aizkorriko hotzera ohituta daude, nonbait.
Aritz Egearen iritzia
Egea atzo dagoeneko «ondo» zegoen, baina igandean «miseria» pasa zuela esan zuen. «Ez dut sekula halako hotzik pasa. Aizkorrira dagoeneko hoztuta heldu nintzen eta ikusleek lagundu behar izan zidaten zira janzten. Arbelarrera bidean pausorik emateko gai ez nintzen eta erretiratzea erabaki nuen. Gutxi batzuk elkartu ginen eta Urbiako fondara joan ginen. Han berotu ginen, su ondoan eta salda bero batekin. Fondakoak oso ondo portatu ziren».
Eguraldi aldaketak kalte egin ziola uste du. «Irteeran hego haizea zebilen eta Otzaurteraino beroa pasatu nuen. Ondoren, eguraldia aldatu egin zen eta Aizkorrin gora izoztuta gelditu nintzen. Duela urte batzuk Chamonixen elurra egin zuen, baina beharbada haize gutxiago zebilen. Nire ustez, inoizko Zegama-Aizkorri gogorrena izan da. Korrikalariek egindako denborek hori diote. Kilian izan zen denbora ona egin zuen bakarra. Estralurtarra da. Gainontzekoek, ohi baino denbora okerragoak egin zituzten. Helmugara zein aurpegirekin heldu ziren ikustea besterik ez dago».
Urretxuarrak, zoritxarrez, ez zuen helmugara heltzerik izan. Hori dela eta, larunbat honetan bere herriko lasterketan, UZ Trailen, parte hartuko duela aurreratu du. «Hoztu nintzen arte oso gustura aritu nintzen eta larunbatean UZ Trail lasterketan parte hartuko dut, ia ziur. Bestela, denbora gehiegi emango dut lehiatu gabe. Hurrengo erronka, berriz, ekainaren 12ko Espainiako txapelketa izango da».
Alberto Aierbe antolakuntzako kideak korrikalariek arropa gehiago eraman beharko luketela uste du. «Igandekoa bezalako egunetan, ezin da Aizkorrira kamiseta batekin eta zira mehe batekin igo. Baina minimalismoa modan dago eta… Korrikalari batek 50 gramo aurrezteagatik txanorik gabeko zira eramaten dutela onartu zuen. Eskularrurik ez dute eramaten, hoztu egiten dira eta gero komeriak… Ikusleek ez zuten hotzik pasa eta orduak eta orduak eman zituzten geldirik!».
Datorren urteari begira, kilometro bertikala Munduko Kopan sartzea eskatuko dutela aurreratu du.













