Bost talde lehian, Segurako sanjoanetako herri kirol desafioan
Larunbatean izango da, 17:30ean hasita, plazan. Finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte, formatu berrituarekin. Amaitzeko, bertso afaria izango da Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegirekin.
Bi gazte trontzan, iazko kuadrillen arteko herri kirol desafioan, Seguran.Hitza Kuadrillen arteko herri kirol saioa derrigorrezko hitzordua bilakatu da Seguran, San Joan jaien testuinguruan. Herriko jai nagusiak hasteko astebete eskas geratzen dela jokatuko da larunbatean norgehiagoka, 17:30ean herriko plazan. Berezia izango da aurtengoa, inoiz baino talde gehiagok parte hartuko baitute. Bost izango dira, guztiak segurarrak.
Aimar Balerdi antolatzaileetako batek gogorarazi duenez, orain bi urte hasi ziren herriko gazteen eta beteranoen arteko herri kirol saioekin, «bogan» jarri zirela eta. Aurten, ekintza zabaltzeko helburuarekin, pasa den otsailean deia zabaldu zuten herritarren artean eta jasotako erantzuna erabatekoa izan da; «bost talde arituko gara, guztira 40 bat kide. Segura bezalako herri txiki batean horrelako erantzuna jasotzea apartekoa da», poztu da Balerdi. Nora Insaustiri aparte aipamena egin nahi izan dio, desafioaren antolaketan egiten ari den lanagatik.
Beteranoen taldeko kidea da bera eta haiekin batera, gazteen beste lau talde arituko dira, «talde guztiak mistoak dira eta batzuetan, nesken parte hartzea mutilena baino handiagoa izango da. Beteranoetan gehienak gizonezkoak izango gara, neska bakarrarekin», zehaztu du.
Lehia «jatorra» aurretik
Hasita daude entrenamenduekin eta norgehiagokaren bezperatan, taldeen arteko «lehia jatorra» nabaria da: «Denok batera entrenatzen dugu Aizkoeta baserrian, eta pikeak egon badaude», aitortu du Balerdik.
Bost talde izanda, norgehiagokaren formatua aldatu behar izan dute aurten, «gazteen lau taldek finalaurrekoak jokatuko dituzte, bi talde beste biren aurka, hasteko. Beteranoak, pribilegioren bat izan behar dugula eta, zuzenean joango gara finalera», zehaztu du. Harri jasotzen, trontzan, txingan, oskol biltzen, korrikan, ingudean eta zakua eramaten denborarik onena egiten duten bi taldeek izango dute finalerako pasea.
Finalaren aurretik, bolatan arituko dira eta «botatzen den birla bakoitzeko bost segundoko abantaila» metatuko du talde bakoitzak. Ondoren, finalaurreko lanak errepikatu beharko dituzte irabazlea izendatzeko.
Egunari amaiera emateko, Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuta, bertso afaria izango da Aratz Igartzabal Potto eta Eneko Araiztegi Korta arituko dira kantuan, eta Jon Iturriotzek egingo ditu gai jartzaile lanak. Jende ugari espero dute antolatzaileek larunbatean.













