Berdintasuna, komunitatea eta futbola uztartuko dituen txapelketa antolatu du Goierri Gorri klubak datorren larunbaterako
Txapelketako partidak Arizti Handi (Lazkao), Igartza (Beasain) eta Arizkorreta (Idiazabal) zelaietan jokatuko dira.
Ohorezko infantil mailako Goierri Gorri taldeko jokalariak, 2024ko argazki batean. Hitza VI. Berdintasunaren Aldeko emakumeen futbol txapelketa antolatu du Goierri Gorri Futbol Klubak datorren larunbatean, ekainaren 13an. Txapelketako partidak Arizti Handi (Lazkao), Igartza (Beasain) eta Arizkorreta (Idiazabal) zelaietan jokatuko dira. Hamabost taldek parte hartuko dute, eta hiru multzotan banatu dituzte.
Futbol zelai bakoitzean multzo bateko sailkatze fasea jokatuko da, 09:00etan hasita. Azken fasera multzo horietako lehenengo hirurak eta bigarren onena sailkatuko dira.
Igartzan sailkapen fasea jokatuko duten taldeak Tolosa, Goierri-Gorri B, Intxaurdi, Goierri-Gorri A eta Bergara izango dira. Arizti Handin Aiztondo, Goierri-Gorri E, Goierri-Gorri D, Euskalduna eta Segura lehiatuko dira. Arizkorretan, azkenik, Zumaiako, Arizmendi, Goierri-Gorri, Goierri-Gorri F eta Hernaniren arteko neurketak jokatuko dira.
Eguerdian bazkaria emango diete partaide guztiei. Jantokia 13:30etik aurrera egongo da irekita. Talde guztiak «aldi berean jantokian ez pilatzeko», lehen fasea bukatzean bazkaltzera joatea gomendatzen dute antolatzaileek: «Talde batzuk lehenago bukatuko dutenez jantokian pilaketak saihetsi nahi ditugu».
Azken fasea
VI. Berdintasunaren Aldeko txapelketako azken fasea Arizti Handin jokatuko da, 16:00etatik 19:00etara. Arratsaldeko lehen finalerdia goizean Lazkaoko eta Beasaingo multzoetako irabazleek jokatuko dute. Eta beste finalerdia, Idiazabalgo lehen sailkatuaren eta hiru multzoetako bigarren postu onenaren aurka izango da.
Bi partida horietako irabazleek jokatuko dute finala 18:00etan, Lazkaon.













