Afizionatu mailako pilotari onenek Zumarragan jokatuko dute
Afizionatu mailako esku pilotako jokalari onenek Zumarragan jokatuko dute bihartik aurrera. Izan ere, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatzen duen Elite txapelketa Zumarragan jokatuko da aurten ere. Bihar, 19:00etan, Ojuel eta
Afizionatu mailako esku pilotako jokalari onenek Zumarragan jokatuko dute bihartik aurrera. Izan ere, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatzen duen Elite txapelketa Zumarragan jokatuko da aurten ere. Bihar, 19:00etan, Ojuel eta Aizpirtartek Azpiri eta Agirreren aurka jokatuko dute. Ondoren, Dorronsoro eta Perez, Larrañaga eta Legarretaren aurka arituko dira.
Larunbatean, 17:00etatik aurrera, beste bi partida jokatuko dituzte. Lehenengoan, Zugadik eta Bilbaok Quina zumarragarrarekin eta Lasarekin neurtuko dituzte indarrak. Bigarrenean, Elezkano eta Erasun, Peña eta Lasoren aurka arituko dira.
Finalerdiak ekainaren 4an jokatuko dituzte, 17:00etan. Lehen partidan gaurko irabazleak arituko dira eta bigarrenean biharko irabazleak. Finala ekainaren 11n jokatuko da, 18:00etan. Aipatzekoa da jaialdi berean erremonte partida bat jokatuko dela: Gipuzkoako Aldundia Kopako finala.
Txapelketa gaur aurkeztu dute, Antion. Patxi Jauregi pilota federazioko presidenteak Mikel Serrano alkateari eskerrak eman dizkio pilotaren alde egiten duen lanagatik eta udan joko zuzeneko partida bat Zumarragara ekarriko dutela aurreratu du. Alkateak plazan edo Zelai Ariztin jokatuko dutela esan du. Joko zuzena garai batean artzainek jokatzen zutena da eta aurtengo Europako txapelketa Euskal Herrian jokatuko da. Urrian, hain zuzen ere.