Minbiziaren aurkako lasterketa antolatu dute larunbatean Beasaingo La Salleko ikasleek
Beasaingo La Salle San Jose ikastetxeko 4. DBHko ikasle talde batek ikasturtean zehar garatu duen proiektua gauzatuko du larunbatean: minbiziaren aurkako lasterketa eta plater osasuntsuen lehiaketa. «Herritarren artean minbizia kasuak murrizteko helburuarekin, ohitura osasuntsuak sustatu nahi ditugu», diote ikasleek.
Bi ekintza horien bidez, gaixotasuna prebenitzeko kirola egiteak eta elikagai osasuntsuak zein garrantzia duten gizarteratu nahi dute: «Gure ustez, ohitura osasuntsuak eguneroko bizitzan txertatzea eraginkorra izan liteke minbiziaren arriskua gutxitzeko».
Lasterketa 10:30ean hasiko da, Nafarroa Etorbidetik. Bi maila bereizi dituzte lasterketan: haurren mailan 8 eta 13 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte, 1,1 kilometroko ibilbidea eginez; eta helduen mailan, berriz, 13 urtetik gorakoek 4 kilometro egin beharko dituzte. Gernika pasealekua – Barrendain plaza – Garmendia Otaola – Oriamendi – Nabarro Larreategi – Zapatari – Nafarroa etorbidean egingo dute lasterketa.
Informazio gehiago eta izen ematea http://lasallebeasainsein14.wix.com/ minbiziarenlasterket webgunean eman behar da.
Lasterketaren amaieran, elikagai osasuntsuen plater lehiaketa egingo dute.
Lasterketaren harira, Beasaingo Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, lasterketa horrek irauten duen bitartean, zirkuitu barruan dauden garajeetako erabiltzaileek sartu edo irteteko zailtasunak izango dituzte. Beraz, antolatzaileei kasu egitea eskatzen dute.