Aurten ikastetxe guztietan egin nahi izan dituzte probak, baina eskolarena izan da azterketa egitearen ardura.

Maiatza izan dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikaste- txeek Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleei barne ebaluazio diagnostikoa egiteko. ELA sindikatuak emandako datuen arabera, gainerako ikastetxe gehienek bezala, Goierriko gehienek ere, %90ek, uko egin diote azterketa hori egiteari.
Iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 ikastetxe aukeratu zituen Eusko Jaurlaritzak, proba moduan, azterketa hori egiteko. Tartean ziren Beasaingo Murumendi eta Ordiziako Jakintza. Ikastetxeetako gurasoek hala erabakita, azterketa ez zuten egin, besteak beste, LOMCE betetzeko «atzeko atea» zela argudiatuta.
Segurako Laiotz
Segurako Laiotz da aurten planto egitea erabaki duen ikastetxeetako bat, bertako Ordezkaritza Gorenak (irakasle, guraso eta udaleko ordezkariek osatutako taldeak) GOIERRIKO HITZAri jakinarazi dioenez. «Heziberri 2020 gure hezkuntza sistema hobetzeko plana da. Lehen Hezkuntzaren etapa erdian barne ebaluazio diagnostikoa egitea aurreikusten du. Helburua ikaskuntza prozesuaren egoera ezagutzea eta emaitzetan oinarritutako plana egitea izango da».
Barne ebaluazio hori ez egiteko arrazoiak zeintzuk diren zehazten duen oharraren arabera, lehenik eta behin, Hezkuntza Sailaren eskutik gai horren inguruko informazio eza salatu dute. Bestetik, «kanpo erakunde batek sortutako diseinua da eta ez da Eskola Komunitatearekin adostu». Era berean, barne ebaluazio horrek «ikaslearen hezkuntza hobekuntza baino, ikasleak kalifikatu eta sailkatzea» bilatzen duela uste dute. Gainera, ikasturtearen dinamika mozten duela diote, eta eskolako egungo ebaluazio sistema nahikoa dela ikasleen garapena ezagutzeko, «eta beraien ikasketa prozesua egokitzeko, ez dugu beharrezkoa ikusten».