Segurako dantzariei omenaldia
Euskal Herriko Dantza Txapelketan parte hartu duten segurarrak omendu ditu udalak: Rafael Gerriko, Mari Karmen Elortza zena, Saioa Arostegi eta Miren GallastegiSeguran jokatzen den Euskal Herriko Dantza Txapelketak 40 urte beteko ditu aurten, eta Segur...
Euskal Herriko Dantza Txapelketan parte hartu duten segurarrak omendu ditu udalak: Rafael Gerriko, Mari Karmen Elortza zena, Saioa Arostegi eta Miren Gallastegi
Seguran jokatzen den Euskal Herriko Dantza Txapelketak 40 urte beteko ditu aurten, eta Segurako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, urtean zehar urteurrena ospatzeko. Joan den larunbatean, esaterako, udalak omenaldia egin zien txapelketan parte hartu duten segurarrei.Rafael Gerriko, Mari Karmen Elortza zena, Miren Gallastegi eta Saioa Arostegi omendu zituzten larunbateko ekitaldian. Segurako Azpilla dantza taldeko ikasleek eta irakasleek emanaldi berezi bat eskaini zieten omenduei. Dantzaren bidez, Seguran ospatzen diren hainbat ekitaldi irudikatu zituzten: Santa Ageda, inauteriak, San Joanak, Iparra Hegoa… Taldeko dantzari txikiek, berriz, agurra dantzatu zieten. «Oso emanaldi polita izan zen», adierazi du Iosune Arrondo kultur teknikariak.
Ondoren, lore sorta bana eman zieten omenduei. Mikel Areizagak —txapelketaren sorrera sustatu zuen Gillermo Areizagaren semea— eta Eñaut Telleria egungo alkateak eman zizkieten lore sortak.
Momentu hunkigarria
Mari Karmen Elortzaren izenean, Estitxu Telleria alabak jaso zuen lore sorta. Saioa Arostegiren izenean, berriz, Inmakulada Aristimuño amak. Bestalde, Gerrikok bere lore sorta Elorzari eskaini zion. Gerrikok eta Elortzak batera parte hartu zuten txapelketan, 1979an. «Oso momentu hunkigarria izan zen», esan du Arrondok. Baratze pilotalekuan egin zuten ekitaldia, eguraldi txarrarengatik.
Urteurrena ospatzeko hurrengo ekitaldia hilaren 18an izango da. Bertsoak dantzan bertso emanaldia izango dute Seguran. Dantza txapelketa, berriz, urriaren 15ean jokatuko dute.













