Gereziak protagonista ekaineko lehen ferian
Landare salmentak bizi jarraitzen du oraindik, eta barazki eta fruta berrien emariak zabalik dirau. Udaberriko zizak, aldiz, gaina jo du eta beherako bidea hartu du dagoeneko.
Eguzkiak gaina hartuko duen esperantzarekin hasi da ekaina, baina oraindik ere ez du garaiak berea eman eta gorrin hotsak entzun dira: «Baratxuriak behintzat kito, eta tomateak eta piperrak ere aurrera baino atzera gehiago egiten dute». Aukeran tenperatura freskoak dira, eta ezdago nahi adina eguzki ordu.
Atzo protagonismo berezia gereziak hartu zuen. Jatorri eta mota ezberdineko gerezi ugari ekaina hasiz bat. Gabiriako Oñatibi Txikikoa izan zen bertakoa. «Ez da asko izango aurten» zioen Miren Agirrezabalak. Goizekoa edo goiztiarra esaten zaiona ekarri zuen. Sartagudatik zuzenean ekoizleak ekarritako anpula gorria eta Milagrokoak izan dira Nafarroatik iritsitakoak. Kopuru handiena, berriz, Aragoi eta Kataluniatik ekarria (5-6 euro kiloa). Orain arteko hemengo udaberriko fruta berriak gereziak (4 euro kiloa) eta marrubiak (6 euro) ditugu.
Barazkiei dagokionez, lehen tipula gorria, borraja eta erremolatxa berria agertu dira. Dagoen pipermina oso ondo saltzen ari da, kiloa 15 euroan, eta gezurra dirudien arren, beste mota batzuk eta beste toki batzuetan baino merkeago hala ere.
Landare eroslea zuhur
Landare postuetan luzatzen ari da landare salmenta. Zuhurtasunez jokatzen ari da jendea eta poliki-poliki ari da baratzeak betetzen. Salduenak dira piperra, tomatea, letxuga, leka eta, hasi berria, urteko porrua. Udazkeneko azakiei laster erreparatuko diegu.
Lore gutxiagoren beharra da aurten, geranio eta huntz gehienak neguan ez direlako galdu. Gutxi behar duenak bai, azokan erosten ditu, baina kopuru handiagoaren bila etxera jotzen omen du bezeroak plazatik kotxeraino garraioan aritzea baino errazagoa zaiolako.
Denboraldia aurrera doa eta ziza asko izan bazan atzo ere, 500 kilo 6 eta 28 euro artean kiloa. Kopurua gainbehera hasi da.
- Aste honetako azokako prezioak













