«Aurrera begira eredu bat sortu beharko du Goierrik, dudarik gabe»
Angel Oiarbide (Gure Esku Dagoko bozeramalea)
«Historikotzat» definitu duen egunean, pozik hitz egin Angel Oiarbidek (Idiazabal, 1974), Goierrin, Debagoienan, Azpeitian eta Ispazterren bizitakoa «ikaragarria» izan dela iritzi baitio.
Zer gorputzaldi utzi dizu gaurko egunak?
Oso gorputzaldi ona, oso positiboa. Niri geratu zaidan sentsazioa da normaltasuna, niretzako hori da gaur irabazi dugun terrenoa, herritarrek hitza hartzea eta erabakitzea dela normala. Orokorrean, 34 herritan, parte hartzea izan da %30ekoa, Goierrin %27 pasakoa, ikaragarria.
Eta nola deskribatuko zenuke bizitakoa?
Ekainaren 5a egun historikoa izan da, goierritarrontzako mugarri bat, egun oso inportantea. Ez da ahaztu behar, Goierrin prozesu bat egin dugula honaino iristeko, ahalik eta goierritar gehienak protagonista izateko prozesu bat, ahalik eta goierritar gehienak sentiarazteko egun garrantzitsu bateko parte garela. Gure Esku Dagon esaten dugun bezala, erabakitzen hasten eta ikasten ari gara, eta nire ustez, atzera begiratzen dugunean, gauzak beste modura batera ikusteko talaia bat izango da ekainaren 5a.
Zer ikusiko da talaia horretatik?
Nondik gatozen ikusiko dugu, nora iritsi garen baloratzeko. Talaia horretatik ikusiko dugu etorkizun batean zer dimentsio irekitzen zaigun. Goierrik, honaino iritsita, eredu bat sortu du Euskal Herriko gainerako herrientzat, goierritarrok ez baikara guretzat ari bakarrik. Jende asko daukagu begira, eta nik dudarik ez daukat eredurik borobilena borobiltzeko daukagula. Ekainaren 5ak beste eredu batzuk borobiltzen hasten lagunduko digu goierritarroi.
Goierritarrek bide bat irekitzeko ardura sentitu izan dutela aipatu izan duzu. Zergatik?
Baldintzak zeudelako, edo baldintza horiek egotea eragin dutelako herritarrek. Iaz, prozesua martxan jarri genuenean, gure burutazioen artean zegoen Goierriko 23 herrietan kontsulta bat egitea, baina ez genuen uste horren epea motzean 34 herritan egingo zenik. Guk ez genuen prozesu hau hasi gure zilborrari begira, gainerako herri eta eskualdeei bide bat irekitzeko baizik. Perspektiba horrekin jarri zen prozesua martxan, eta eman diren pausoak perspektiba horrekin eman dira.
Ehundu. Adostu. Erabaki. Zeintzuk dira prozesutik ateratako irakaspenak?
Prozesuak aurrera egin ahala mito pila bat erori direla. Elkarrizketarako, elkarri entzuteko eta elkarrengandik ikasteko aukera eman digu prozesuak sentsibilitate ezberdinetako goierritarroi, eta hori oso aberatsa da. Prozesu hau dena alderdi, sindikatu eta eragileekin kontrastatu zen, eta etxeko lan horiek egin ondoren jarri genuen martxan azaroaren 28an, Lazkaon egin genuen aurkezpenarekin. Adoste fase horretan adostasunaren kultura jorratzea izan zen helburua.
Bestela, ezinezkoa zatekeen.
Askotan errepikatu dugu. Gure Esku Dago ez da lelo bat, jarrera bat baizik. Baina jarrera hori ez da fede kontu bat, baizik eta norberak pausoak eman ahala sentitzen duen jarrera bat. Goierritarrok honaino iritsi bagara, ibilbide bat jorratu dugulako izan da. Prozesua positiboa izan da, eta utzi duen aztarna are positiboagoa. Garbi daukagu ekainaren 5ean ez dela ezer bukatzen, zerbait egiten baldin bada, hasi da. Ekainaren 5ean borondate bat azaleratu da, kuantitatiboki bere emaitza izan du, baina kualitatiboki ikaragarrizko dimentsioa dauka.
Eta zugan ze aztarna utzi du?
Esku artean lantzen aritu garen gaia guk hasiera batean uste genuena baino sinpleagoa dela, eta gai korapilatsu honek harreman pertsonalekin lotura gehiago izan duela beste ezerekin baino. Erabakitzeko eskubidea demokraziari eusten dion oinarrizko printzipio bat da, konfrontatu baino kontrakoa egiten duena. Guk ez dugu dudarik egiten, Goierrin egin dugun prozesuak, eta beste herri eta bailaretan garatzen ari direnak, eragina izango dute gure ordezkari politikoengan urruti baino gertuago.
Datorren urterako beste 60 herritan iragarri dituzte dagoeneko galdeketak. Zein da goierritarren egitekoa ekainaren 6tik aurrera?
Ekainaren 5era iristeko egin den bezala, ekainaren 6tik aurrera ere hausnarketa bat egin beharko dugu, aurrerantzean zer egin erabakitzeko. Nik ez daukat dudarik, gakoa herritarren partaidetza sustatzea da, gero eta parte-hartze eta talde gehiago izan, Goierrik arlo eta sektore guztietan garatzeko askoz ere aukera gehiago izango baititu. Euskal Herrira zabaltzen ari den lanketa bat egin du Goierrik, eta gaur [atzo] kontsultarekin borobildu dugu. Aurrera begira, dudarik ez dago, eredu bat sortu beharko du Goierrik, Euskal Herriak ereduak behar dituelako.