Gipuzkoako 2.500 biztanletik beherako 48 herritan egingo dituzte inbertsioak .Zuntz optikoa sartzea eta baserri bideak eta argi indar sarea berritzea dira asmo nagusiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak landa eremuko herri txikien garapenerako 25 milioi euro bideratuko ditu. Hala jakinarazi zuten pasa den astean, Landagipuzkoa+ egitasmoaren aurkez- penean. 2.500 biztanletik beherako herriei zuzendutako laguntza programa da, eta Goierriko herririk gehienei eragingo lieke, guztira, Gipuzkoako 48 herriri.
Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, «landa ingurnean hiri ingurunearen antzeko zerbitzuak eta gizarte ongizatea lortzea» da programa horren helburua. Hala, herri txikien biztanleriari eutsi nahi diote, horretarako «landa eremuak erakargarri» eginez.
Herri txikiak «Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat» direla gogorarazi du Olanok, eta herri horiek mantentzeko konpromisoa berretsi du, hainbat alkate eta hautetsiren aurrean.
Zuntz optikoa 48 herritan
Landagipuzkoa+ egitasmoaren proiektu nagusietako bat, zuntz optikoarena izango da. Izan ere, zuntza 48 herritako herriguneetara iristea lortu nahi dute legealdi honetan. Ainhoa Aizpuru Ekonomia, Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde orekako diputatuaren arabera, «udalerri hauetako bizilagunei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikoarekin ere guztitz lotuta» dago teknologiaren garapena. Horrekin batera, herri horien jarduera ekonomikoa ere bultzatzen saiatuko dira.Baserri bideak eta argi indar sarea ere berritzeko asmoa agertu dute, 37 transformadore berri jarrita.