Trikipoteoa, pintxoak eta Itziarren Semeak gaur Hegialde auzoko jaietan
Gaur hasiko dira Hegialdeko festak, 19:00etan, txoznaren irekiera eta buruhandiekin. Aurten ez dute asto lasterketarik antolatu, azken urteetan jende gutxi animatzen zelako parte hartzera
Joan den asteburuan Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT martxarekin eta minimoto erakustaldiarekin hasi ziren Hegialde auzoko festak girotzen. Jaien hasiera ofiziala, ordea, gaur egingo dute. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute jai batzordeko kideek, auzotarrek zein gainontzeko legazpiarrek asteburuaz goza dezaten.
Berritasun nabarmen bat izango dute aurten Hegialdeko jaiek: ez dute asto lasterketarik antolatu. Andoni Aizpeolea jai batzordeko kideak azaldu duenez, urte asko zeramatzaten auzoko festetan asto lasterketa antolatzen. Azken urteetan, ordea, gero eta jende gutxiago animatzen zen parte hartzera. «Sei bat asto lortzen genituen lasterketarako, eta azkenean beti geratzen zen batenbat atera gabe», adierazi du. Hori dela eta, aurten ez antolatzea erabaki dute.
Gainontzean, urteroko ekitaldiak izango dira jaietan. Gaur, iluntzeko zazpietan emango diete hasiera jaiei. Txozna ere ordu berean irekiko dute. Festa usaina jartzeko, erraldoiak, buruhandiak, trikitilariak eta txorizo pintxoak izango dira. 20:00etan, berriz, trikipoteoa hasiko dute, eta 22:00etan auzo afaria egingo dute.
Kontzertua ere izango da gaur. Hortaz, parranda egiteko aitzakiarik ez da faltako. Itziarren Semeak talde bizkaitarrak egingo du emanaldia, 00:00etatik aurrera. Ska, punk eta reggae musika jotzen dute.
Bihar jarraituko dute jaiek, haurrentzako ekintza ugarirekin. 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara haur parkea jarriko dute. Horrez gain, 11:00etatik aurrera, urrutiko agintedun autoen erakustaldia egingo dute.
Paella, gazta eta sagardoa
Helduagoek ere izango dute festarako aitzakia. Eguerdian, Legazpiko Alaitasuna errondaila ibiliko da kalea girotzen, eta 14:00etan paella jatea izango dute. 18:00etan, Korosti dantza taldeak eta Kataluinako Sbart Catala de Dansaires talde gonbidatuak emanaldia egingo dute.
Eguerdiko paellarekin nahikoa izan ez duenarentzat, 19:00etan gazta eta sagardo dastaketa izango da Hegialden. Trikitilariek girotuko dute dastaketa. Azkenik, gauean, dantzaldia izango da.
Etzi amaituko dira jaiak. Doinua Musika Eskolako 7tan Aire esku soinu taldeak emanaldia egingo du 12:30ean, kalea girotzeko. 18:30ean, berriz, herri kirol erakustaldia izango da. Abesti mexikarrekin amaituko dute eguna, eta gauerdian azken traka izango da.













