Bi Bala taldeak emango dio hasiera Uztail Kulturaleko Musika Kalean zikloari
Bihar izango da kontzertua, Kale Nagusian. Aurreko urteetako Musika Parkean zikloaren lekua hartuko du Musika Kalean-ek. Antzerkiak, argazkiek eta jolasek osatuko dute kultur egitaraua
Ekaina amaitu ez bada ere, hasi da dagoeneko Legazpiko Uztail Kulturala. Atzo, Sorgintxulorekin jolasak egiteko aukera izan zuten haurrek. Bihar, berriz, Bi Bala bertso-rock taldearen kontzertua izango da. Japoniatik itzuli berriak dira, eta ia egunero dituzte emanaldiak. Urte gutxian arrakasta handia lortu du Aitzol Barandiaran ataundarraren eta bere kideen taldeak.
Bi Bala taldearen kontzertua Musika Kalean zikloaren lehenengoa izango da. Azken bi urteetan Musika Parkean zikloa ospatu izan dute Legazpin, uztailean zehar. Aurten, ordea, kon- tzertuak parkeetatik kaleetara eramatea erabaki dute, eta izena aldatu diote zikloari. Bestetik, Uztail Kulturalaren barruan txertatu dute lehen aldiz.
Jone Dorronsoro kultur teknikariak azaldu duenez, parkeetan musika emanaldiak antolatzearen helburua herritarrek parkeez gozatzea zen. «Baina konturatu ginen jendea kontzertua ikustera soilik joaten zela parkeetara, eta ez ziotela beste probetxurik ateratzen; eta kontzertuaren arabera, oso jende gutxi joaten zen». Hori dela eta, emanaldiak gune urbanora pasatzea erabaki dute.
Laubideko oinezkoentzako kalean EuskOrleans Dixie Band taldearen emanaldia izango da uztailaren 21ean. «Euskal kantak jotzen dituzte, baina jazz ukituarekin», azaldu du Dorronsorok. Donostiako jazzaldia egun horietan izango dela aprobetxatuko dute, jazz musika Legazpira eramateko.
Gainontzeko kontzertuak Kale Nagusiko puntu ezberdinetan izango dira. Bi Balak farmazia aurreko plazan egingo du emanaldia, eta Arozenatarren Ttunttuna txistulari taldeak Gernika plazan. «Urtarrilean Azokan egin zuten emanaldia Arozenatarren Ttunttuna taldekoek, baina eguraldi oso oso txarra egin zuen, eta errepikatzekotan geratu ginen». Goiz Deia txistulari taldearen bidez etorriko dira. «Txistulari familia bat da; txistua dute oinarri, baina perkusioa eta gitarra ere jotzen dituzte; kanta tradizionalak zein rock klasikoa jotzen dute».
Ekintza guztiak kanpoan
Musikaz gain, beste hainbat kultur ekitaldi izango dira Uztail Kulturalaren barruan. Ostiral gauetan, esaterako, Ikatza Argazkilari Elkarteko kideek haien argazkiak erakutsiko dituzte, ikus-entzunezkoetan. Astearteetan eta ostegunetan, berriz, haurrentzako ekintzak izango dira. Eta pare bat kaleko antzerki emanaldi ere antolatu dituzte.
Eguraldi ona eginez gero, behintzat, ekintza guzti-guztiak kanpoan egingo dituzte. «Udako eguraldia eta kalea aprobetxatzea dira helburuak», esan du Dorronsorok. Duela hamabost bat urte hasi ziren Legazpin Uztail Kulturala antolatzen, hil horretako hutsunea betetzeko.
EGITARAUA Ekainak 30 · 19:30. Bi Bala taldearen kontzertua, Kale Nagusian. Eguraldi txarra egiten badu, Azokan. Uztailak 1 · 19:30. Legazpi Musika Banda, Laubideko oinezkoentzako gunean. · 22:30. Ikatza Argazkilari Elkarteko kideen ikus-entzunezko emanaldia, Azokan. Uztailak 2 · 17:00. Futbol Zazpi txapelketako finala, Bikuñan. Eguerdian herri bazkaria egingo dute. Uztailak 5 · 10:00-20:00. Ilinti merkatari elkartearen 25.urteurrena ospatzeko, dendak kalera aterako dituzte. Uztailak 7 · 18:00-20:00. Karaokea, apar festa eta tailerrak, Euskal Herria plazan. Uztailak 8 · 19:30. Kale antzerkia: La famiglia Torombole. Laubide auzoan. Eguraldi txarrarekin, Domingo Agirreko pilotalekuan. · 22:30. Julian Auzmendiren Kameraren begitik naturari klik-klik ikus-entzunezko emanaldia, Azokan. Uztailak 12 · 17:00-20:00. Haurrentzako jolas parkea, Azokan eta Euskal Herria plazan. Uztailak 14 · 19:30. Buruhandiak eta erraldoiak, Urolatarrak txarangarekin kalejiran, erdigunean. Uztailak 15 · 19:30. Arozenatarren Ttunttuna, Latxartegi parkean. · 22:30. Ikatza Argazkilari Elkarteko kideen ikus-entzunezko emanaldia, bidaietako argazkiekin. Uztailak 19 · 18:00-20:00. Jolas eta sormen tailerrak eta karaokea, Laubide auzoan. Uztailak 21 · 19:30. EuskOrleans Dixie Band, Laubide auzoan. Uztailak 22 · 19:30. Kale antzerkia: Kukai taldearen, Gelajauziak ikuskizuna Euskal Herria plazan. · 22:30. Ikatza Argazkilari Elkarteko kideen ikus-entzunezko emanaldia: Gipuzkoako txokoak.













