Laugarrenez parte hartuko du Aitziber Osinalde legazpiarrak Goierriko Bi Handiak proban. 2014an irabazi egin zuen, eta iaz bigarren geratu zen. Aurten ere indartsu dator.
Aitziber Osinaldek (Legazpi, 1971) hiru aldiz parte hartu du Goierriko Bi Handiak lasterketan. 2013an izan zen lehen aldia, eta, hain zuzen ere, lasterketa hura prestatzeko intentzioarekin murgildu zen mendiko lasterketen munduan. Esan liteke, hortaz, Goierriko Bi Handiak mugarri izan direla legazpiarraren ibilbidean. 2014an, irabaztea lortu zuen. Iaz, berriz, bigarren postua. Aurten indartsu dator, denboraldi polita eginda. Pastores de Portudera lasterketa irabazi zuen Cabralesen (Asturias), eta El Cainejon ere lehenengo postua lortu zuen. Runela Trailen, berriz, Burgosen, hirugarren egin zuen. Beasainen, ikusi egin behar aurreko urteetako mailari eusten dion, eta podiumean leku bat egitea lortzen duen.
Zuretzat zer dute berezia Goierriko Bi Handiek?
Herri oso bat eta inguruko herrietako boluntario talde aparta aritzen da guretzat lanean, egun osoan, eta horrek egiten du berezi lasterketa. Izugarria da egiten duten lana.
Aurten laugarrenez parte hartuko duzu. Zergatik duzu gustuko proba hau?
Kilometro kopuruak eta ibilbideak erakartzen naute. Gainera, etxe inguruko mendiak izugarri maite ditut, eta lasterketa honek mendi horietan barrena korrika egiteko aukera ematen dit.
Lasterketan zehar, orduak eta orduak ematen dituzu mendian korrika. Zer pasatzen zaizu burutik?
Ezer garrantzitsurik buruan bueltaka ez izaten saiatzen naiz, eta lasterketan ahalik eta gehien kontzentratzeko ahalegina egiten dut.
Horrelako lasterketa bati aurre egiteko, gorputzaz gain, burua ere entrenatzea komeni da?
Bai, lasterketa luzeetan buruak eragin handia baitu. Buruak lasai egon behar du, eta presio gutxirekin. Presioa da kalte handiena egiten duena, eta, askotan, norberak bere buruari jarritako presioa izaten da. Bestalde, ibilbidea ezagutzeak eta inguruan laguntza izateak asko laguntzen du psikologikoki ere. Hala ere, burua entrenatzea zailagoa da gorputza entrenatzea baino; ez dut ezagutzen buruarentzako entrenatzailerik. Burugogor samarra naiz, eta hori izan daiteke aldeko faktore bat.
Bideko jendearen animoek laguntzen al dute?
Goierriko Bi Handietan ez da jende asko egoten ikusten. Ehunmilek ospe handiagoa daukate, eta hor pilatzen da jendea. Dena den, animoak asko eskertzen dira.
Gorputzari dagokionean, nola prestatzen zara?
Gorputza asko behartzen dugu, eta asko zaindu behar da. Garrantzitsuena, nire ustez, elikadura zaintzea da, gero dena eman ahal izateko. Nire prestakuntzari dagokionean, urtean zehar lasterketa desberdinak egiten ditut. Lasterketa horiek prestatzeko, urte bukaeran hasten ditut entrenamenduak. Entrenatzaileak urte osorako plangintza prestatzen dit, helburu jakin batzuekin. Ni saiatzen naiz entrenatzaileak esandakoa txintxo egiten.
2014an irabazi egin zenuen Goierriko Bi Handiak. Zer sentitu zenuen?
Ez nuen garaipena espero, eta poza sentitu nuen.
Aurten lasterketa irabazteko aukerekin ikusten duzu zure burua?
Ez dakit nola egongo naizen. Besteek ere korrika asko egiten dute, eta zaila da irabaztea. Bestalde, edozein ezusteko gerta daiteke, eta horretatik ez gara inor ere libratzen.
Emakumeen parte hartzea oraindik ere dezente txikiagoa da. Zergatik?
Uste dut gizarte honen eragina dela. Emakumeoi kosta egiten zaigu betiko rol-etatik ihes egitea. Dena den, asko hobetu dugu, eta gero eta gehiago gara. Gainera, oso maila altuko emakume gazteak datoz.
Parte hartzaileen zerrenda ikusita, zeinek uste duzu osatuko duela emakumeen podiuma?
Normalean ez dut parte hartzaileen zerrenda begiratu ere egiten. Badakit Elena Calvillo joango dela, eta ondo dagoela. Nire ustez bera da faboritoa. Leire Martinez ere ez da urruti ibliko, eta ezustekoren bat ere izan daiteke.
Eta gizonezkoen artean?
Hori zailagoa da esaten. Ez ditut asko ezagutzen, eta ez naiz ausartzen izenik botatzera. Dena den, maila altua izango da.