Ehunmilak hiru aldiz irabazi du Alesonek (Azkoitia, 1972), tartean aurrenekoa eta iazkoa; gainontzean, beste bi alditan bigarren egin du, eta urte batean erretiratu egin zen. Gustukoa du lasterketa.
Urtean hamar kirol oinetako pare inguru behar izaten ditu, korrika egiten dituen 5.000 kilometroetarako. Proba eguna bakar bat dela dio, eta horretarako aurretik egunero-egunero entrenatu beharra dagoela. Entrenamenduetan gozatu egiten du, eta egunerokoan askotan egiten ditu maratoiak bere kasa, «bestela ez dago ezer egiterik».
Ehunmilak Ultra-trailaren zazpigarren edizioa da aurtengoa: hirutan irabazi duzu, bitan bigarren egin duzu eta batean erretiratu. Iaz irabazi zenuen azkenekoz.
2010. urtean izan zen aurrena eta orduan irabazi egin nuen, eta azkena iaz, hainbeste urte pasatu eta berriz irabaztea oso-oso zaila da. Esan ohi dute maila igotzea erraza dela, zaila hainbeste urtetan mantentzea, ordea. Ultra-trailetan egun bakarrean jokatzen dugu dena, probara ondo iritsi behar duzu eta egun horretan dena ondo atera behar da. 2010etik sasoia mantendu dut eta pozik nago. Orain, ondo nagoela ematen du eta ikusi egin behar Ehunmilaken egunean zer irteten duen. Ez dago jakiterik.
Ehunmilen tankerako proba batzuk ezagutzen dituzu, zer du berezia Ehunmilakek?
Joaten gara Alpeetako puntaraino edo Portugaleraino ultra-trailak egitera, eta bertan daukagu Ehunmilak. Proba honek daukan antolakuntzarik ez dago beste inon, nik irten dudan toki guztietan ez dut horrelakorik ikusi. Ehunmilak lasterkarientzako egindako proba bat da. Ehunmilaken lasterkaria etxean bezala tratatzen dute, dena ematen dute, eta horrek tiradizoa du. Nola antolatuta dagoen, korrikalariak nola zaintzen gaituzten, ibilbidearen seinalizazioa… izugarria da. Hemen ematen dutena beste inon ez dute ematen. Ikaragarria da. Azkenean, etxekotasun horrek erakarri egiten du.
Proba honen 168 kilometroak egiteko aurretik nolako prestaketa behar da?
Egun eta ordu askotako entrenamendua dago aurretik, eguneroko jarduna. Nik entrenamenduetan gozatu egiten dut: lasterketan bakarrik disfrutatzera joateak eta entrenamenduetan asko sufritzeak, horrek ez du konpentsatzen. Nik gozatzen dut egunero ibiltzen, eta ahal dudan eta gorputzak uzten didan bitartean hor ibiliko naiz. Izarraitzera, Irukurutzetara, Samiñora… hemen inguruan ibiltzen naiz, eta oso gustura. Etxeko atetik irten, errepidea zeharkatu eta hamar metro egin orduko mendiko pistan sartzen naiz. Hori zortea da.
Ehunmilen ibilbidea ondo ezagutzen duzu. Zein tarte duzu gogokoena eta zein nekezena?
Gustuen egiten dudana Larraiztik Etxegaratera artekoa da: Txindoki, Aralar, Ganbo Txiki, Lizarrustira jaitsiera… Horrez gain, Azkoitia inguruko ibilbidea gauez pasatzen dugu, hori asko ezagutzen dut eta gauez egiten den lekua ezagutzeak asko esan nahi du. Gogorrena, berriz, bukaerakoa esango nuke, Aizkorri-eta, dagoeneko 130 kilometro eginda, nekatuta, eta horrek denak lasterketa gogortu egiten du.
Anoa postuetan behar besteko denbora hartzen al duzu?
Denek esaten didate denbora gehiegi hartzen dudala. Oso jatuna naiz, eta anoa postuak aprobetxatzen ditut geratu, jan eta egoteko. Batzuk ez dira gelditu ere egiten, baina ni bai, ez dakit izaeragatik den-edo, baina behar dut denbora hori. Azkenean, denbora horretan gelditu arren ere, ez naiz gero horren gaizki ibiltzen. Igoal, denbora gutxiago hartuko banu gero okerrago ibiliko nintzateke.
Ibilbidean burua hankak bezain azkar doa?
Pentsa zenbat gauza pasatu daitezken burutik 24 ordutan!
Eta zertaz pentsatzen duzu?
Bidean zentratuta joan behar da, adi, estropezu-eta ez egiteko, baina gauza asko pentsatzen dira: zer datorren, egiteko daukadana, igarotakoa, nola sentitzen naizen… Planoa begiratuz egiteko daukadana planifikatzen joaten naiz, beti burua lanean izaten da.
Norberak egin behar ditu Ehunmilen 168 kilometroak, baina inguruan lagun talde bat ere izaten duzu ibilbidean zehar laguntzen.
Bai, noski. Hori oso inportantea da. Ehunmiletan emazteak, alabek, anaiak… laguntzen didate. Anoa postu eta paso bakoitzean badakit han egongo direla; nahiz eta bidean nekatuta sentitu, badakit non izango ditudan zain, eta haiekin egoteak eta elkarri kontuak kontatzeak bakarrik animoak ematen dizkit aurrera jarraitzeko. Babes bezala jendea izatea uste dut beharrezkoa dela. Dena bakar-bakarrik egitea oso-oso zaila da. Egokitu izan zait kanpora joan eta probaren bat bakarrik egin beharra, inoren babesik gabe, eta gogorra izaten da. Bateren batekin hitz egin eta egoteak asko laguntzen du. Bietara probatu dut eta laguntza edukitzeak asko laguntzen du.
Lasterketaren irteeran urduri egoten al zara?
Ni lasai egoten naiz, ez naiz urduri jartzen. Horrelako proben hasieran sentitzen dudana da errespetua. 170 kilometroek errespetua ematen dute, irteteko unean ez dakizulako 30 kilometro egingo dituzun, 100 egingo dituzun edo bukatuko duzun. Nire burua konbentzitzen dut egin egingo ditudala, polikiago edo azkarrago. Filosofia handiarekin hartu behar da.