Ordizian festak hasteko prest
Umeen asteburuarekin hasiko dituzte Santa Ana jaiak. Barrakak Bizkaia pasealekuan eta zezen plaza Idoiagan kokatuko dira aurten. Larunbatean egingo da kuadrilla txikien eguna. Aratz Barandiaran eta Celia Nieto izango dira Alkate jaun-andre txikiak
Felix Garitano Padre Canicas-ek jarri zuen mahai gainean 1964an Ordiziako festetan umeen eguna egiteko ideia, eta Presen Olano katekistaren laguntzaz martxan jarri zuten. Garitano joan eta Javier Ormazabal iritsi zen parrokiara eta bere gidaritzapean urtez urte aurrera egin du festa handi horrek.
Gaur egun, asteburu osoko iraupena du eta ekintzak bi egunetan zehar banatzen dira. Santa Ana jaietan egingo diren ekitaldi horiek eta egitarau osoa aurkezteko, agerraldia egin zuten atzo udal ordezkariek eta herriko eragile eta elkarteek, Ordiziako Plaza Nagusian.
Haurren astebukaera
Jaietako lehenengo astebukaera honetan ekitaldi ugari egingo da. Larunbatean 12:00etan, haurren Alkate jaun-andreei aginpidea emango zaie udaletxean. Ekitaldi horrek adierazten du hurrengo bi egunak gaztetxoenak izango direla. Aurtengo Alkate txikia Jakintza ikastolako Aratz Barandiaran izango da. Alkatesa, berriz, Oianguren insti- tutuko Celia Nieto. Koronela, Brian Do Santos, aguazila Peñalver Rodriguez eta mozeroak Odei Rodriguez eta Mikel Etxeberria izendatuko dituzte.
Igandean, 12:00etan hasiko da haurren ohiko aurreskua, Plaza Nagusian. Hasteko, plazan egingo dute dantza eta ondoren, herrian zehar abiatuko dira soka-dantza eginez, ibilaldian geldialdiak eginez. Bost eta 13 urte bitarteko neska-mutilez osaturiko 32 bikotek parte hartuko dute. Aurten, aurreskua Joseba Bonastre eta atzeskua Aitor Marañon izango dira. Lehenengoaren bikotea Natale Iruarriz izango da eta Anitz Arraiza, atzeskuarena.
Jaietako berrikuntza nagusienak barraken eta zezen plazaren kokaleku aldaketa eta danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango dira. Barrakei dagokionez, Jose Miguel Santamaria alkateak adierazi du «kokaleku aldaketa agertoki edo ekimen hauen sarbidea hobetzeko» egin dela. «San Bartolomeko kokalekuak jarduna lausotzen du» gehitu du.
Uztailaren 24an egingo den danborrada udaletxeko balkoitik ikusi ahal izango da, bestalde, eta hori nahi duten herritarrek eskaera egin beharko dute udaletxean bertan, arreta bulegoan edo komunikazioa@ordizia.eus epostara izen-abizenak eta telefono zenbakia idatzita.
Herritarrek, gainera, festei buruzko iritzia eman ahal izango dute udaleko webgunean.
Udaltzaingoaren oharrak
Ordiziako Udaltzaingoak jakinarazi du, batetik, debekatuta dagoela 1 eta 2 kategoriako material piroteknikoa saltzea 12 eta 16 urtez azpikoei. Era berean, mota honetako artefaktuen salmenta ibiltaria erabat galerazita dagoela jakinarazi du.Bestalde, bai herritarrei baita bisitan Ordiziara gerturatuko direnei, diru-zorro eta sakeleko telefonoen lapurretak saihesteko neurriak hartzeko gomendioa egiten die Udaltzaingoak.
EGITARAUA Gaur · 18:30. Bizipoteoa elektrotxarangarekin, txosnetan. · 19:00. Ordiziako Kirol sariak entregatzeko ekitaldia Barrena kultur etxean. · 20:00. Euskal Herriko herriarteko erreminta txapelketaren finalak, Beti-Alai pilotalekuan. · Gauean. Skabidean, Ahuntzape eta Nazarenos del Norte taldeen kontzertua, txosnetan. Bihar, larunbata · 10:00-11:30. Kadete mailako 43. Txapel Gorri txirrindulari proba, Gudarien Etorbidean. · 12:00. Haurren egunaren hasiera. Alkate jaun-andreei aginpidea emango zaie udaletxean. Txikien kuadrillen elkarretaratzea Plaza Nagusian, Burrunbazale txarangak alaituta. · 14:00. Gazte bazkaria eta ondoren jolasak, txosnetan. · 16:30. Aparraren jaia, Altamiran · 16:30. Haurren paleta txapelketaren finala Beti Alai pilotalekuan · 18:00. Xabi Aiestaran 13. Pala Txapelketa Herrikoia, Beti Alai pilotalekuan. · 18:00. Buruhandi eta erraldoiak. Txikien kuadrillen irteera udaletxetik. · 18:00. Goierri punk jaialdia Godsuck, Otsein, Altxa gudari, Txakurtxulo, Psikosomatikos eta Aspernata taldeen kontzertuekin, Gaztetxean. · 19:00. Abere ikuskizuna eta haurrentzako animazioa Plaza Nagusian. · 20:00. Gaztetxeak bultzatutako manifa. · 22:00. Haurren mozorro dantzaldia Beti-Alai pilotalekuan. · 23:15. Zezen-suzkoa Arboledan. · 23:30-02:00. Disko-parranda, Domingo Unanue plazan. · 23:30. Ansia Viva eta La Traicion taldeen kontzertua, Gaztetxean · Gauean. 2Zio, Inpernuko Zulotik eta Gabenara taldeen kontzertua, txosnetan. Igandea · 10:00. Goiz eresia Ordiziako txistulariekin · 10:45. Haurren alkate jaun-andreei harrera udaletxean. · 11:00. Mesa nagusia. Ondoren danbor eta upel jotzaileen taldeek Ordiziako martxa joko dute. · 12:00. Umeen ohiko aurreskua. · 15:30. Ordizia 20. Pilota Txapelketaren finalak Beti-Alain. · 16:45. Robots, la invasion filmaren emanaldia, Herri Antzokian. · 19:30. Kantineren irteera udaletxetik Buztuntza aldera, Beti Argi bandak lagunduta. · 20:00. Umeen danborradaren irteera. Plaza Nagusian bukatuko da, erretretarekin. Ondoren, kalejira izango da. Egitarau osoa ikusgai dago PDF formatoan













