San Gregorio, jaia dario
Gaur hasiko dira Ataungo San Gregorio auzoan festak, igandera arte. Musika kontzertuak hiru gautan, herri otorduak eta askotariko ekitaldiak daude. Gauetan autobusa izango da
San Gregorio auzoko gizarte egoitza den Elkargunean eguerdian puntuan txapligua botata hasiko dituzte, gaur, Ataungo urteko hirugarren jaiak —Arrondo eta Aiakoen ondotik—. Lau egunez, egitarauan ekitaldi ugari prestatu ditu San Gregorioko Jai Batzordeak, udalaren laguntzarekin.
Lehenbiziko jardunaldia, gaur, umeei zuzenduta dago. Bihar kuadrillen txanda izango da. Ohitura duten bezala, goitik behera zuriz jantzita bilduko dira auzoko gazteak, 13:00ak aldera. Bazkaria dute. Iluntzean, Maite zaituztegu ekitaldia egingo dute, Anatomia eta askatasuna abestiaren flashmoba dantzatuta. Bihar gauean, Joxe Replay talde baionarrak joko du.
Zaindariaren festaburua larunbatean da. Erakutsi zure talentua ikuskizuna burutuko dute. Taldeka ala bakarka, agertokian hiru abestiren koreografia dantzatuko dute partaideek.
Oilaskoa eta sagardoa
Larunbateko festa borobiltzeko, gaualde indartsua dute. Oilasko janean, 10 euroren truke, oilasko erre bat, ogi bat, botila sagardoa eta postrea afaldu ahalko dira. Mahai-aulkiak frontoian jarrita izango dira. Sukarra37 talde beasaindarrak eta Guri5 gabiriarrak alaituko dute etziko gaua, mozorrotuen lehiaketek tartekatuta (haurrena arratsean, helduena goizaldeko ordubietan).
Igandean, goizean pilota partidak jokatuko dituzte, Zelai frontoian. Zabala-Zubeldia eta Baztarrika-Apezetxea bikoak lehenik, eta Zubizarreta-Arratibel, eta Errandonea-Martinez ondoren lehiatuko dira.
Gauetan autobus zerbitzua
Ataun San Gregoriora autobus zerbitzu berezia jarriko dute, bi gautan, itzultzeko. Bihar, 02:30ean eta 04:10ean, San Gregorio-San Martin-Lazkao-Beasain-Ordizia ibilbidea egingo du. Larunbatean (02:30 eta 04:10), San Gregoriotik Lazkaora.
Bestetik, bazkari eta afaritarako txartelak Sutegi, Martintxo eta Pellone tabernetan eskuratu ahalko dira. Uztailean zehar garatu zen frontenis txapelketaren finala gaur jokatuko dute.
San Gregorioko festak ixteko, igande iluntzean gazta dastaketa antolatu dute, ardoarekin lagunduta.
EGITARAUA Gaur, umeen eguna · 11:00. Mus txapelketa. · 12:00. Txupinazoa Elkargunean. · 15:00. Puzgarriak, ume jolasak. · 18:00. Haurrentzat askaria. · 18:30. Frontenis txapelketa. · 19:00. Trikitilarien kalejira. · 21:00. Herri afaria, Artadin. · Gauean. Erromeria. Ostirala, Kuadrillen eguna · Egunez. Traka-Traka txaranga. · 13:00. Kuadrillen juntadizoa eta bazkaria, Zelai pilotalekuan. · 17:00. Zezen mekanikoa eta oreka jolasak. · 19:00. Karro karrera. · 20:00. Flashmoba. · 20:30. Katekesis rock taldea, Artadi elkartean. · 21:30. Kuadrilla afaria frotoian. · 00:00. Joxe Replay taldea. · 01:30. Trikimailu taldea. Larunbata, San Gregorio eguna · Goizean. Salda, Pelotazalen. · 12:00. Toka txapelketak. · 14:00. Herri bazkaria, frontoian. · 16:00. Plater tiroa, Lauztierreka. · 17:00. Bingoa eta txokolate jana. · 18:00. Play-back dantzaldia. · 19:00. Guri5 musika taldea. · 20:30. Umeen mozorro sariketa. · 21:00. Oilasko jana (10 euro). · 00:00. Sukarra37 taldea. · 01:30. Guri5 taldea. · 02:00. Helduen mozorro sariak. Igandea · 11:30. Pilota partidak. · 12:30. Kantu poteokoen saioa. · 17:30. Otsoa dantza taldea. · 18:30. Luis Eraso, motozerrarekin eskulturak egiten. · 20:00. Gazta eta ardo dastaketa.













