Goierriko Kantu Jirako taldeak elkarrekin ariko dira kantuan bihar egun osoan Segurako ka-leetan. Beasaini eta Idiazabali Segurak hartu dio aurten lekukoa. Besteak beste, Beasain, Idiazabal, Ataun, Ordizia, Segura, Zerain eta Tolosako abeslariak izang...

Segurako abesbatzak antolatu du aurtengo topaketa.
Goierriko Kantu Jirako taldeak elkarrekin ariko dira kantuan bihar egun osoan Segurako kaleetan. Beasaini eta Idiazabali Segurak hartu dio aurten lekukoa. Besteak beste, Beasain, Idiazabal, Ataun, Ordizia, Segura, Zerain eta Tolosako abeslariak izango dira bertan.
Hitzordua 10:30erako jarri dute, Baratze pilotalekuan, kafetxoa hartuz. 11:00etan egingo dute lehenengo kantu saioa plazan, alkatearen eta bertsolarien agurrarekin. Ondoren, Akelarre auzoan, Kalegoenen, Bolaleku zaharrean, Antonkalenen (hamaiketakoa) eta udaletxe aurrean egingo dituzte geldialdiak eta kantu saioak. 13:30a aldean, plazan elkartuko dira goizeko jardunari amaiera emateko. Herriko dantzariek ere parte hartuko dute bertan.
Bazkaltzeko berriz ere pilotalekuan elkartuko dira eta ondoren, musika eskolakoek lagunduta kantu ekitaldia egingo dute. 18:30a aldera amaituko dute ekitaldia,
Agur Jaunak abestuz. Euskal kantaz osatutako kantu liburuxka argitaratu dute segurarrek, Joxe Mari Telleria pintorearen ilustrazioarekin.
Erromeri Bira, igandean
Igandean, berriz, 40. Euskal Herriko dantza txapelketaren harira, Goierriko Erromeri Biraren saioa izango da 18:30ean, Segurako plazan. Euria eginez gero, Baratze pilotalekuan babestuko dira. Imanol, Unai eta Iñigo trikitilari taldeak jarriko du dantzarako soinua.