Bi saltzaile berri, hemengo onddo ugari eta sagar errezila izan dira Ordiziako azken feriako aipamen nabarmenenak.
Zain-zain zegoen jendea eta gure basoek nozitu dute hori; lehen onddo golpea eman da, eta jendea parrastan ibili da. Denak ez ziren atzo mendian halere. Onddoen aitzakiarekin eta abar, jende asko hurbildu zen batez ere Lasaren postu ingurura. Han zen kopururik handiena. Baina postuz postu, guztira 160 kilo batu genituen, kiloa 12 eta 30 euro artean. Hemengo esnegorria ere bazen, hiru-bat kilo, kiloa 20 euroan. Gainerakoak kanpokoak ziren.
Sagarren eta irasagarren garaia dela era antzematen zen atzoko ferian. Irasagar fuitua zegoen salgai hainbat postutan, kiloa 2 euroan, baita dultzea ere. Hori, gaztarekin batera zuen salgai Maria Jesus Garmendiak, kiloa 8 euroan. Eta irasagarra ez ezik, lehen errezil sagarrak Errezildik ekarri zituen Jose Antonio Aizpuruk; lurrekoak ziren eta neurriaren arabera 2 edo 3 euroan saltzen zuen dozena. Etxeko sagar zukua, berriz, Oñatibitxikiko Mirenek zuen salgai, litroko botiletan, 3 euroan.
Valentziako laranja garaia
Kanpoko fruituen artean Valentziako laranjaren garaia hasi da. Laranja urte guztian dagoen produktua bada ere, berezko garaia orain hasi eta udaberri artekoa da. Gurea baino giro epelagoa estimatzen du, nahiz eta hemen ere baden etxean laranja edota limoi arbol eder askoa duenik, eta ondo mimatua gehienetan. Penintsulan, Valentziakoak du sonarik handiena eta handik ekarriak ziren atzo salgai jarri ziren laranja berriak (kiloa 1,75 eta 2,6 euro artean). Mandarinak lehenago iritsiak badira ere (1 eta 2,5 euro artean kiloa), atzo klementina motakoak ere baziren salgai, Valentziakoak horiek ere (kiloa 4 eta 4,5 euro artean).
Gazta postu berria
Bi salmenta postu berri ditu atzotik azokak. Arantxa Garaiburu eta Aitor Otaegirenak.
Arantxa Garaiburu berastegiarra da eta Larte ardi gazta du salgai. Amezketako Aitzioko Larte mendipean duten baserrian talde eta norbanakoen bisitak ere hartzen dituzte. Idiazabal izendapeneko gazta naturala eta ketuaz gain, gazta urdina ere eskaintzen du: «Oso elaborazio diferentea du honek, egiteko moduarengatik, erabili behar diren fermentoengatik, dena». Fraisoron ikasia praktikan jarri eta gazta hori Ordizian erosi daiteke.
Aitor Otaegik, berriz, Damasoro zerrikiak aurkeztu zituen. Horren berri datorren asteko kronikan emango dugu.
Hilaren 12a, asteazkena, jai eguna denez, asteartean 11an izango da hurrengo feria.