Artaldea, Urbian. // Argazkia: Asier Murua
Asteazkenean, jai eguna aprobetxatuz, egingo dute Idiazabalgo V. Baserritarren Eguna. Baserria kalera gerturatu eta baserritarren lana ezagutarazteko eguna izango da, bertako nekazari eta abeltzainak protagonista hartuta. Ospakizun horren atariko moduan, gaur hitzaldia egingo dute udaletxeko areto nagusian. Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko Zuzendariak,
Mendiko larreen garrantzia gure baserri eremuan gaia landuko du, 19:00etan hasita. Idiazabalgo Abeltzainen Elkarteak eta Idiazabalgo Udalak elkarlanean antolatutako saioa da.
Asteazkenean berriz, egun osoko ekitaldiak izango dituzte Idiazabalen. 09:00etan hasiko dute festa, frontoi zaharrean jarriko duten baserrietako ganadu erakusketarekin. Plazan, tokiko ekoizleen eta Ipar Euskal Herriko produktuen erakusketa eta salmenta postuak izango dira. Futbito zelaian berriz, lehengo eta egungo lan tresnak izango dira ikusgai. Eguerdian, txahal pintxoak salduko dituzte (1,5 euroan) eta 12:30ean, artalde bat pasako da herrigunetik. 14:30ean herri bazkaria egingo dute, udaletxe zaharreko arkupean.
Egun osoan zehar, Gaztaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko aukera ere izango dute bertara gerturatzen direnek. Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era, familientzako plana: Idiazabal jatorri izendapeneko gazta mota ezberdinak familian probatzeko tailerra egingo dute, Hip-Hip Urri! egitasmoaren barruan. Parte hartu nahi dutenek, gaur dute lekua hartzeko azken eguna, 943 18 82 03 telefono zenbakira deituta.