Lau eta Erdiko Txapelketako ligaxkako partidak Beasainen, azken txanparen aurretik
Agirre eta Perezen, Iturriaga eta Orbegozoren, Oskoz eta Aranbururen eta Barrokal eta Mendibururen arteko partidak izango dira Antzizarren larunbatean, 16:00etan.
Oskoz eta Orbegozoren arteko partidako irudia, Beasainen.Hitza Aurrera doa Ados Pilotaren lau eta erdiko txapelketaren bigarren edizioa, eta Beasainen jokatzen ari dira txapelketako lehen zatia. Aurre-kanporaketak eta ligaxkako lehen jardunaldia jokatuta, larunbatean ligaxkako azken-aurreko jardunaldia jokatuko da. Elgetan jokatuko da txapelketako azken txanpa.
Maddi Barrokal, Leire Oskoz, Iera Iturriaga, Ane Mendiburu, Marta Gomez, Amaia Arrastia, Oihana Orbegozo, Alejandra Perez, Olatz Ruiz de Larramendi, Natale Aranburu, Naroa Agirre eta Maite Mujikak hasi zuten txapelketa.
Lehen aurre-kanporaketan, Perezek 22-18 irabazi zion Mujikari, eta Orbegozok 22-13 Gomezi. Hurrengoan, azaroaren 8an, Natale Aranburuk 22-20 irabazi zion Ruiz de Larramendiri. Hala, horrela geratu ziren multzoak ligaxkarako: A multzoan, Aranburu, Orbegozo, Iturriaga eta Oskoz; eta B multzoan, Perez, Agirre, Barrokal eta Mendiburu. Barrokal, Oskoz, Iturriaga eta Mendiburu zuzenean sartu baitziren ligaxkan zerrendaburu izanagatik.
Ligaxkako lehen jardunaldia azaroaren 14an jokatu zen: Aranburu 22-16 gailendu zitzaion Iturriagari, Mendiburu 22-14 Perezi, Oskoz 22-13 Orbegozori eta Barrokal 22-8 Agirreri. Larunbatean, Agirre eta Perezen, Iturriaga eta Orbegozoren, Oskoz eta Aranbururen eta Barrokal eta Mendibururen arteko partidak izango dira Antzizarren, 16:00etan hasita.
Ondoren, Elgetan izango da azken jardunaldia, azaroaren 28an. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira, eta finalerdietan bi multzoak gurutzatuko dira: A multzoko lehen sailkatuak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak A multzoko bigarrenaren aurka. Finalerdia abenduaren 12an izango da, eta finala abenduaren 19an.













