Dominak hasi dira iristen Judo Legazpi klubera
Asteburuan Barbastron izan dira haur eta kadete mailako judokak, Espainiako Judo Superkopan lehiatzen.
Huescako Barbastron (Espainia) estreinatu dute Legazpiko judokek denboraldi berriko domina eta sarien bilduma. Legazpi Judo klubaren babesean, Aragoiko lurretan izan dira asteburuan haur mailako eta kadete mailetako legazpiarrak Espainiako Judo Superkopan lehiatzen, eta hainbat dominarekin itzuli dira herrira. Haur mailakoek sei domina ekarri dituzte, eta kadeteek bat, baina horren guztiaren gainetik, “gogoan gordetzeko moduko borroka mordoa”. Gainera, “esperientzia handiagoarekin” itzuli gara dira, eta ikasitakoa hurrengo entrenamenduan praktikan jartzeko gogoarekin.
Judo Legazpiko zazpi judoka lehiatu ziren infantil mailako Espainiako Judo Superkopan, eta sei domina lortu zituzten. Promozio mailan, Joan Castelek (-50 kiloko kategoria) eta Iker Gonzalezek (−55 kg) urrea irabazi zuten, Guilem Varok (−55 kg) zilarra eta Enaitz Escuderok (−42 kg), Ioritz Aztirik (−55 kg) eta Xerardo Realek (+66 kg) brontzea. Elite mailan, berriz, laugarren egin zuen Joan Orbegozok (−55 kg). Kirolariak laguntzera joan zen Asier Berasategi entrenatzailea aipatu duenez, “eguneko unerik politenetako bat Iker, Guilem eta Ioritz −55 kiloko podiumean elkarrekin ikustea” izan zen.
Bestetik, kadeteen mailan Adriana Realek brontzea irabazi zuen +70 kategorian, eta Ibon Betolaza bosgarrena geratu zuen -90 kategorian. Unax Larraza ere lehiatu zen, eta Berasategik gazte horrek egindako bost borrokak nabarmendu ditu, “bikainak” izan zirelako. Pisu kategori berria estreinatzen zuen Larrazak Barbastron, eta denboraldiko lehen lehengo txapelketa zuen.














