Olaberriko Arcelor Mittal enpresan lan itun berriaren aurreakordioa egin dute
UGTk eta LABek onetsi dute hitzarmen berria: «Langileentzat ona da». Etzi berretsi beharko dute langileek, asanbladan. %12ko soldata txikitzea «bukatuko» da, 2016ko urte hasierara atzeratuta
Olaberriko Arcelor Mittal altzairutegian lan hitzarmen berri baterako aurreakordioa adostu dute enpresaren zuzendaritzak eta Enpresa Batzordean gehiengoa daukaten bi sindikatuk —UGTk eta LABek—. Ostiralean itxi zuten akordio zirriborroa.
Orain, langileek berretsi beharko dute akordio hori. Ostegunean egingo dute asanblada.
Arcelorren Olaberriko lantegian 2013an txikitutako soldatak lehengoratuko dituzte. LABek atzo jakinarazi zuenez, orain dela hiru urte egindako «soldaten %12ko murrizketaren amaiera» ekarriko du itunak, eta antzinatasunean bost urtekoen kontaketa berriro hastea. «Hau dena 2016ko urtarrilaren 1etik honako atzerapenak kontuan hartuta».
Aurreakordioa UGTk eta LABek sinatu dute. Azken hiru urtean indarrean egon den hitzarmena —2015eko abenduaren 31n iraungi zen— ez zuen babestu LABek, «langileontzat soldata eta eskubide murrizketa ikaragarria» suposatu zuelako.
Prozesu «luzea»
Lan baldintzen neurri-sorta berria negoziatzen maiatzaren bukaeran hasi ziren Enpresa Batzordea eta zuzendaritza. Akordioa «oso zail eta urruti» ikusten zutela aitortu dute, orain, sindikatu sinatzaileen ordezkariek.
Enpresak «murrizketa gehiago» egin nahi zituela gaineratu du LABek. «Udako mobilizazioei» eta langileen irmotasunari esker urrian atzera negoziazioei berrekin, eta «langileentzat ona» den akordioa erdietsi dute orain.













